Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez. Asteburu honetan, urteroko besta antolatuko dute Heletan. Goizean 10:30etatik goiti, Eiheraldia etxaldearen bisita antolatuko dute Ugo Arbelbide laborariarekin. Oren bata eta erdietan herri bazkaria, arratsaldean animazioak eta arratsean kontzertuak: Anari, Frikun, Kuartz eta DJ infernu.
Gero eta gazte gehiago droga munduan sartzen direla eta droga hartzea gero eta normalizatuagoa dela oharturik, foro bat antolatzea erabaki du Baigorriko Diziplina Anitzeko Osagarri Etxeak. Bertan, osagarri mentala, sexuala, drogak, tabakoa, ingurumenari lotu osagarria, aktibitate fisikoa, elikadura, alor soziala eta beste hainbat gai aipatuko dira. Garazi-Baigorri eta Larzabaleko laugarrenetik terminalera bitarteko ikasleek parte hartuko dute, orotara 800 gazte inguruk. Egun hau, hogei partaidekideekin batera antolatu dute, horien artean dira CPAM, MSA, Ligue, Garazi Arrosa, Jara mediku bulegoa, Adoenia edota France Addiction Bizia elkartea. Egun bukaeran, ikasleei, foroari buruzko galdetegi bat emanen zaie, egun horren ebaluatzeko eta informazio liburuxka bat.
Hazparneko zirtzilek plenta bat jasoko dute difamazioagatik. Hala deliberatu du Agour gasna enpresako buru den Peio Etxelekuk, haren izenari eta enpresari kritika egiteagatik. Haien aldetik, Hazparneko zirtzilak libertimenduen geroaz arranguratuak agertu dira eta auziari buru egiteko helegitea pausatuko dute.
Berrehun langile inguru elkarretaratu dira Kontseilu Departamentalaren aitzinean, apirilaren lehenean. Baionan den departamenduko egoitzaren aitzinean bildu dira langileak CFDT, LAB, CGT eta Sud Solidaire sindikatuek deiturik. Arlo pribatu eta publikoko erizain, erizain laguntzaile, hezitzaile, edo haurtzainek, osasunaren eta kohesio sozialaren sektorearen egoera ahula salatu dute. Frantses gobernuak eta departamenduak pairatzen dituzten aurrekontu mozketengatik, joan den abuztuan onartu zen 183 euroko Segur sari-gehigarriaren hedatzea ez dutela denek eskuratuko azpimarratu dute. Murrizketek egunerokoan ondorio zuzenak dituztela ohartarazi du Evelyne Mouesca etxez-etxeko langilea eta LAB sindikatuko ordezkariak; izan ere, ordutegien aldetik erabateko malgutasuna galdegiten zaie kontratu mugatuko langileei: «Kontratu txikiak egiten dizkiete eta ondotik edonoiz deitzen dituzte ordezkapenak betetzeko. Ezin zaie galdegin beti disponible egotea, gero hamar oreneko hilabete sari baten truke». Horrez gain, etxez-etxeko langileen lanaldi barneko joan-jinen kostuak emendatu diren arren, bide-gastuen ordainen baremoa ez dela emendatu salatu du Mouescak.
Hauteskunde kutsua sentitu da Mauleko azken kontseiluan. Iragan aldietan baino jende eta hedabide gehiago izan dira bertan. Kontseiluak berak bi oren eta erdi iraun badu, ondotik auzapezak prentsa aitzineko bat egin du. Eskualdeko kontuen ganbararen erranei erantzun nahi izan die Louis Labadot auzapezak. Izan ere, berriki erakunde horrek ohartarazi zuenez, Xiberoako hiriburuaren zorra bost milioira heldu da. Auzapezaren erranen arabera, zorpetzearen maila, jada, alerta heinean zen bere zerrendak gidaritza hartu zuelarik, eta hala segitzen duela. Hori dela eta, 2025erako ez dute mailegurik hartzea aitzinikusten, eta aurtengo inbertsioak murriztuz. Mixel Etxebest auzapez ohiak, haatik, bere burua defendatu du kontuak ez zituztela hein hain txarrean utzi argudiatuz. Herriaren zorpetze hein handiari buru egiteko, hainbat lursail saldu ditu herriko etxeak. Adibidez, kontseilu horretan berean, Agerriako auzoan 13.000 metro karratuko lur eremu bat saltzea bozkatu dute. Lur eremu salmenta horrekin arranguraturik, ondoan bizi diren hainbat herritar joan ziren kontseilua segitzera. EH Baiko Beñat Elkegaray hautetsiak, bere aldetik, inbertsio eza eta ibilmoldearen gastu handiegiak salatu ditu.
- Emisio gutxiko eremua behin-behinean gibelatua, Lapurdiko kostaldean
- Maule eta Donibane Lohizuneko errugbi taldeek finalzortzirenak jokatuko dituzte
- Arrate Isasi Isasmendi: «Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu»
- 580 milioi euroko aitzinkontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak