Foch gunearen estreinaldia, eztabaiden artean

Donibane Lohizuneko portu ondoan, Foch gunearen urbanizazio proiektua amaitzera doa, hiru urteko obren eta polemiken ondotik. Hiri sarrera berrantolatzeko eta lur azpiko aparkalekua nahiz bizitegi eta merkataritza-guneak eraikitzeko helburua du, baina hasieratik eztabaida piztu du. Herri Berri oposizioko taldeak plazaren izaera harritsua eta landare eskasia salatu zuen sare sozialetan. Orain, Herriko Etxeak plaza estreinatuko du Martxoaren 22an, eta Jean-François Irigoyen auzapezak nabarmendu du oposizioaren oharrak kontuan hartzen saiatu direla. Hala ere, oposizioak berriz azpimarratu duenez, plazak herritarrentzako bizi eremuak eskas ditu, hala nola, parke bat edo pilota plaza bat.

Tuberkulosiaz hunkiak izan diren etxaldeek kolektibo bat sortu dute

Departamenduko tuberkulosia taldeak elkarretaratzea deitu du Donapaleun astearte honetan. Tuberkulosiaz hunkiak diren Xiberoako hamaika etxaldeek kolektibo bat sortu dute 'Collectif tuberculose du 64' izenpean, eta protokolo esperimental baten proposamenak aitzinatu dituzte. Bestalde Frantziako gobernuaren laguntzak galdetzen dituzte biosegurtasunaren plantan ezartzeko, desinfekzioa egiteko eta mozkinen galtzearen konpentsatzeko. Aldi honetan, Donapaleun mobilizatuko dira GDS Osasun Defentsarako Elkartearen biltzar nagusiaren karietara. Izan ere, laborariek salatzen dute GDS administrazioarekin eskuz esku ari dela.

Laurent Bacho, Betharramisten bozeramailea: «Elizan ere baduzu deabrua»

1950 eta 2010 urteen artean eginiko abusuen karira 152 plenta aurkeztu dira orain arte Betherrameko kongregazioaren kontra. Alain Esquerre, Betharrameko biktimen bozeramailea martxoaren 20an errezibituko du Elisabeth Borne hezkuntza ministroak, eta aldiz, Bordeleko errektoretzako zerbitzuek inspekzio bat eginen dute kongregazioan. Laurent Bacho Betharramisten eskualdeko bikario ohia eta gaur egun kongregazioko bozeramaileak adierazi duenez, kongregazioa gertatutakoaz «arduradun» sentitzen da. Bere hitzetan, ez lukete «deus gorde», eta «ez ziren jakinean» ikastetxean gertatzen zenaz, eta erreparazio batzordea antolatze.

Arraun Lagunak taldeko patroi izanen da Joana Halzuet urruñarra

28 urte baizik ez ditu Joana Halzuet urruñarrak eta iaz estropada guziak eraman zituen Donostiako Arraun Lagunak elkarteko patroitzat hautatu dute. Duela bi urte, Euskotren liga eta Kontxa irabazi zituen talde horrekin, arraunlari gisa. Pausa baten ondotik, joan den urrian, Arraun Lagunak elkarteko buruzagien proposamena onartu zuen azken urteetako ekipo hoberena zuzentzeko. Maila horren atxikitzea dute helburutzat aurten ere.

Martxoaren 8 jendetsu eta anitza Ipar Euskal Herrian

Ubelez beztitu dira Baionako karrikak larunbatean. «Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak» lelopean abiatu da Martxoaren 8ko deialdi feminista, geltokitik. Azken urteetan Baionan izan den martxoak 8ko mobilizazio jendetsuenetakoa izan da aurtengoa, 1.400 pertsona inguru elkartu direlarik. Faxismoaren aitzinean erantzun transfeminista antolatu behar dela aldarrikatu dute antolatzaileek manifestazioa hasi aitzin. Larzabaleko elkarretaratzean 100 bat pertsona ziren eta Itaia emazteen antolakunde sozialistak bi hitzordu egin zituen Donibane Garazin eta Baionan «Matxismoaren aitzinean, emazte langileak borrokara» lemapean.

Baiona:
Xiberoa:

Bidasoa: