Mintzalagun topaketak larunbatean Baionan, euskara praktikatzeko

Euskara praktikatzeko, Mintzalagunak topatuko dira Baionan larunbatean. AEKk azken bi urte hauetan indartu nahi duen egitasmoa dira Mintzalagun taldeak. Klasetik kanpo euskararen trebatzeko bilzen diren euskaldun zahar eta berriak dira. Gaur egun Ipar Euskal Herrian 120 pertsona bilakatu dira mintzalagun. Larunbat honetan Baionan gaindi pista joko batean parte hartzen ahalko dute goizeko 10:00etatik goiti, eta ondotik bazkaria. Arratsaldean mago bat eta jokoak iraganen dira.

Sarakoa da Bai Euskarari ziurtagiria jaso duen lehen herriko etxea Iparraldean

Bai Euskarari ziurtagiria ukan du Sarako herriko etxeak. Izan harreran, haurtzaroan, hirigintzan edota kulturan, zerbitzu oro euskaraz eskaintzen ditu herriko etxeak. Udaberri honetan, «Saran bizi ga eskuaraz!» kanpaina abiatuko dute, euskara egunerokoan denek erabiltzen hasteko gisan. Hori baino lehen, publikoa errezibitzen duten komertzio eta jendeer zuzendu bi tailer antolatuko dituzte apirilean Plazara kolektiboarekin, lehen hitza euskaraz emaiteko gisan.

 

Zer iritzi dute herritarrek Garaziko desbideraketaz?

Ostegun arratsaldean Izpurako Faustin Bentaberri gelan desbideraketari buruzko informazio bilkura antolatu du Departamenduak. 1950 hamarkadan hasi ziren Garaziko desbideraketaren lehen proiektuak. Hainbat proposamen eta eztabaida izan dira urte luze horietan baina nehoiz ez da gauzatu bide berriaren proiektua, eta duela bi urte, departamenduak kontzertazio lana berriz hasi zuen tokiko zortzi auzapezek osatu gidaritza batzordean. Bertan parte hartzen dute Donibane Garazik, Izpurak, Donazaharrek, Zarok, Azkaratek, Uharte Garazik, Lasak eta Eiheralarrek. Estudio batek hainbat proposamen egin ditu desbideraketaren ibilbideari begira, eta ostegun honetan aurkeztuko dituzte herritarren aitzinean. Herritarrek horien iritzia ematen ahalko dute herriko etxeetan, eta Gidaritza Batzordeak kontutan hartuko ditu ibilbide hoberenaren hautatzeko.

Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan, Andoni Iturrioz mezenasak sortutako burbuila berezia. Bertatik hamarnaka elkarte pasa ziren: Gastibeltza, Integrazio batzordea, Lapurdi 1609 elkartea edota Haur Rock. Andoni Iturriozek Larraldea bere haurrei transmititu die, eta beste xedeak dituzte leku horrentzat. Euskalgintza babestu duen leku bat galtzen du Ipar Euskal Herriak, horrenbestez.

Sylvie Garat: «GAL aferan, frantses poliziaren inplikazioa eta gobernuaren isiltasuna ikertu gabe gelditu da»

«GAL: Au nom de la raison d'état» dokumentala aurkeztu du Sylvie Garat filma egileak. Espainiako Gobernuak 1980ko hamarkadan GAL taldearen bidez egindako gerra zikinaren inguruko ikerketa sakonaren emaitza da lan berria. Garatek hainbat biktima, militante abertzale, politikari eta funtzionario frantses elkarrizketatu ditu, baita bi aldeetako epaileak ere, gertakari haien konplexutasuna eta ondorioak argitzeko asmoz. Dokumentalak, 52 minutuko iraupena du, eta martxoaren 20an aurrestreinatuko dute Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan. Ekoizpenak GALen jarduerak estali zituzten mekanismo politiko eta juridikoak aztertzen ditu, egia historikoa argitara ateratzeko asmoz.