Maule eta Donibane Lohizuneko errugbi taldeek finalzortzirenak jokatuko dituzte

Errugbian, Angeluk 33 eta 28 irabazi du bere zelaian Niorten kontra. Baina zazpigarren izanki, ez du lehen seietan bururatzen lehen fasea eta horretan uzten du aurtengo txapelketa. Maulek eta Donibane Lohizunek final-zortzirenetarako txartela eskuratu dute hurrenez hurren Fleurance eta Arcachoni nagusiturik. Biek kanpoan jokatuko dute ondoko partida. Xiberotarrek Nantesen eta donibandarrek Isère aldeko Viennen. Galtzaileak txapelketatik kanpo geldituko dira. Federale 1 mailako azken eguna kari, play-offetarako lekua eskura dezakete Nafarroako jokalariek Saint-Médarden kontra irabaziz beren zelaian. Partida apirilaren 13an jokatuko da Baigorrin.

Arrate Isasi Isasmendi: «Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu»

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean. Katedra bat, unibertsitateko irakaskuntzako eta ikerketako lanpostu iraunkorra da. Katedra honekin, esperimentuen bidez haurrek eta helduek euskara nola barneratzen duten aztertuko du ikertzaile talde batek, jakinez Baiona aldeko biztanleak hizkuntza anitzeko eremu batean bizi direla. Horretarako hastapenean, hiru urteko eta zazpi urteko 30 haurrez osatu bi talderekin esperientziak eramango dituzte.

580 milioi euroko aitzinkontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak

Iaz baino boz batzuk gehiago izan ditu alde aurtengo Euskal Hirugune Elkargoaren aitzinkontuak. 147 hautetsi agertu dira alde, zortzi kontra eta 53 abstenitu dira. Talde politikoek bere desadostasunak agerrarazi dituzte. Elgarrekin taldearentzat aitzinkontua «baikorra» da, baina Philippe Massé Haltsuko auzapezak salatu duenez Hirigune Elkargoaren aurrezkia «murrizten» ari da, eta 40 milioi euroko mailegu bat hartzea «ez da egokia» erakundearen finantzei begira. Bil Gaiten taldeko Nicole Etxamendi hautetsi itsasuarrak, aldiz, aitzinkontu proiektua garatzeko metodologia eta «eztabaida eskasia» salatu du. 580 milioi eurokoa da euskal elkargoaren 2025eko aurrekontua. ZFE emisio gutxiko eremua ezartzeko prozedura behin behinean etetea erabaki du Elkargoak. Izan ere, Frantziako Asanblean eremu horien kontra lerrokatu dira Errepublikanoak eta Batasun Nazionala. Bestalde, eztabaida artean onartu da Arbonako hirigintza planaren aldaketa Elkargoko osoko bilkuran, bozen %61 alde eta %39 kontra. Bidarteko Emmanuel Alzuri eta Arbonako Marie Josée Mialocq auzapezen artean iragan da eztabaida, bi herrien artean kokatzen den Pemartin elbarrituentzako egoitzaren pasabide eskubidearen harira.

Hizkuntza gutxituei buruzko hitzarmenak ez direla bete salatu du Ikas-Bik

Ikas-Bik biltzar nagusia eginen du gaur, Angeluko Haitz Pean kultur zentroan, gaueko 19etan. Jakinarazi digutenez, oro har, ikasle kopurua elebidunean mantendu da, baina murgiltze ereduan gora egin du. Hala ere, azaldu dutenez, kopuruak egonkor mantendu arren, hizkuntza gutxituei buruzko hitzarmenak ez dira bete, besteak beste, Molac legeari dagokionez. Bestalde, Max Brisson eta Karine Daniel senatariak galdeketa bat egiten ari dira Senatuan, hizkuntza gutxituen babesari buruz. Emaitzak hurrengo hilabeteetan argitaratuko dituzte.

Odol-Plasma emaitzak egiteko parada Miarritzen

Odol-Plasma emaitzak egiteko parada berriz eskaintzen dute Miarritzen. Miarritzeko EFS edo Frantziako odolaren egoitzak martxoaren 19tik berriz proposatzen die emaileei haien plasma eskaintzea. Odol-plasma, odolaren osagai likidoa da, likido horretan atzemaiten dira besteak beste globulu gorriak edo plaketak. Plasmak, dituen proteina eta antigorputzen bidez, hainbat eritasun sendatzeko aukera ematen du. Immunitate nahasmenduak, eritasuna neurologikoak edo zenbait minbizi. Plasma emaitzak egiten ahal dira Miarritzeko egoitzan astelehen, asteazken, ostegun eta larunbat guztiz.