Bidarteko bahitzailea militar-ohia zen, eta prokuradorearen arabera «hil egin nahi zuen»

Bidarteko gasnategian bahiketa burutu duen gizona, militar ohia zen. Atzo arratseko 7.30tan Erretegia izeneko gasnategian bertako kudeatzailea bahitu eta poliziaren kontra tiro egin duen gizonak 54 urte zituen. Bordele inguruan bizi zen eta bere iragan militarraren ondorioz trauma ondoko estresaren nahasmenduaz eri zen. Gizonaren arma alegiazko zen baina leherketak eragin zezakeen. Poliziek 15 eta 20 tiroz ihardetsi zioten. Prokuradorearen erranetan «kasik seguru da gizonak hil nahi zuela». Gasnategiaren kudeatzailea ez da zauritua izan.

Euskararen aldeko mobilizazioa Baionan, apirilaren 6an

Asteazkenean, Baionako Trinkete Modernoan bildu dira euskalgintzako hainbat eragile, sindikatu eta hainbat norbanako, euskararentzat justizia eskatzeko. Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kide apirilaren 11an epaituko dituzte, abenduaren 3an egindako desobedientzia ekintzagatik. Oroitu, «Justizia Euskararentzat» idatzi zuten Baionako Justizia Jauregian Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga EHEko kideek. Horren harira, apirilaren 6an Baionako kaleak betetzeko deia egin dute, euskararen aldeko eskubideak aldarrikatzeko.

Amaia Bessouet: «AEBtako atzerriko dirulaguntzen parte handiena alor militarrera doa»

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak laguntza humanitarioko dirua gelditzea erabaki du eta Afrika egoera larrian emateko arriskuan uzten du. Dirulaguntzen gelditzearekin gehienik hunkiak diren herrialdeak dira Sahel-eskualdeko estatuak, Burkina Faso, Nigeria eta Mali bezala. Bamako Maliko hiriburuan giza laguntzan ari da Amaia Bessouet bidarraitarra eta laguntza horien kentzeak ekartzen duen ezinbiziaren lekuko da.

Kirikoketa zinema idazketa tailerra, elkar laguntzaren indarra

Kirikoketa zinema idazketa tailerraren bigarren edizioa bukatua da. Bi astez, sei idazle elkartu dira haien dokumental edo fikzio proiektuak elkarrekin lantzeko. Joan den ostiralean egonaldiaren bukaeraren kari, tailerra proposatzen duen Zukugailuak zinema gaualdia antolatu zuen Irisarriko Ospitalean idazleek haien proiektuak aurkez zitzaten. Zinemako bi profesionalen eta idazleen arteko elkar laguntzari esker, arrakasta izan da tailerra. Sei idazleetako hiruk haien proiektua aurkeztu dute publikoaren aitzinean: Maia Iribarnek 'Altxaliliak' dokumentala, Miren Dupuyk 'Iraia' fikzioa, eta Carmen Echeverriak 'Le point crocodile' fikzioa.

Euskadiko pilota federazioaren sorrera oztopatzen segitzen dute Espainiak eta Kubak

Asteazken honetan erabakiko du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Espainiako federazioa eta Kuba zigortuko dituen ala ez. Joan den abenduaren 28an onartu zuten Euskadiko federazioa FIPV Nazioarteko Federazioaren kide gisa. Baina bi aste berantago, Espainiako eta Kubako federazioek salaketa ezarri zuten Suitzako TAS kirol  auzitegian. Geroztik, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean bitartekari gisa antolatu diren bi bilkuren ondotik, Espainiako federazioak ez du salaketa kendu, nahiz eta lehendakari berria duen. Euskadiko selekzioaren kontrako etsai nagusia izan da Javier Garcia Angulo Espainiako federazioko lehendakari-ohia. Beraz kargua justu utzi aitzin jarri zuen salaketa Kubako federazioko buruarekin batean. Orain, Javier Conde Nafarroako federazioko presidente-ohia da, Espainiako federazioko lehendakari berria. Euskadiko eta nazioarteko federazioek gatazka elkarrizketaren eta lankidetzaren bidetik konpondu nahi lukete. Horretarako, Espainiako Kirol Kontseilu gorena bitartekari gisa jarriz, bi bilkura antolatu dituzte. Bainan Javier Condek ez du Angulok ezarri salaketa kentzen. Azken bilkura asteazken honetan izanen da, eta horren ondotik nazioarteak neurriak hartuko ditu Espainiak eta Kubak Euskadiri buru egiten segitzen badute, nazioarteko lehiaketetatik baztertzeko. Euskadiko federazioak erabaki du Munduko Federazioaren irizpideak segituko dituela. Erran nahi du, Espainiako federazioaren barne diren Nafarroa eta Errioxa, asteburu honetan hasiko den GRABNI lehiaketatik baztertzea. Ostegun honetan hartuko luke erabaki hori, Espainiako federazioak ez balu salaketa kentzen.