Mauleko herriko etxea zenbaki gorritan, bost milioi euroko zorrarekin

Maule Lextarreko auzapezak finantzen kudeaketa osoki asumitzen du. Herriko kontuak oso gaizki dira eskualdeko kontu ganberaren arabera. Bost milioi euroko zorretan da herria, hogei bat mailegu bidean dituelarik. Bestalde, eskualdeko kontulariek 2023an egin bisitatik hainbat kezka agerrarazi dituzte; hala nola gastuen kudeaketa txarra, eta arriskuen gaizki menperatzea. Auzapezak erran digunez, bazekien kontuak tinko zirela, baina inbertsioen egitea erabaki zuten halere. Louis Labadot auzapezak herriko kontseiluan emanen ditu argibideak, martxoaren 31an.

Miarritzeko herriko etxeak ez du La Negresse auzoa berrizendatu nahi

Helegitea ezarriko dio Miarritzeko herriko etxeak, La Negresse auzoaren izenaren aldaketa galdegiten duen epaiari. Administrazio Auzitegiaren deliberoa gibelera botatzeko, auzoari izena eman zion herriko etxeko erabakia ez dela existitzen argudiatzen dute. Mémoires et Partages elkarteak leku-izen horren izaera arrazista eman zuen agerian, eta auzitegietara jo zuen 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko. Otsailaren 6an Bordeleko administrazio auzitegiak izendapena aldatzeko hiru hilabete zituela jakinarazi zuen. Haatik, Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak, herriko etxeko erabaki hori ez dela existitzen dio. Xarles Bidegain euskaltzainak historialarien batzordean parte hartu du.

Foch gunearen estreinaldia, eztabaiden artean

Donibane Lohizuneko portu ondoan, Foch gunearen urbanizazio proiektua amaitzera doa, hiru urteko obren eta polemiken ondotik. Hiri sarrera berrantolatzeko eta lur azpiko aparkalekua nahiz bizitegi eta merkataritza-guneak eraikitzeko helburua du, baina hasieratik eztabaida piztu du. Herri Berri oposizioko taldeak plazaren izaera harritsua eta landare eskasia salatu zuen sare sozialetan. Orain, Herriko Etxeak plaza estreinatuko du Martxoaren 22an, eta Jean-François Irigoyen auzapezak nabarmendu du oposizioaren oharrak kontuan hartzen saiatu direla. Hala ere, oposizioak berriz azpimarratu duenez, plazak herritarrentzako bizi eremuak eskas ditu, hala nola, parke bat edo pilota plaza bat.

Tuberkulosiaz hunkiak izan diren etxaldeek kolektibo bat sortu dute

Departamenduko tuberkulosia taldeak elkarretaratzea deitu du Donapaleun astearte honetan. Tuberkulosiaz hunkiak diren Xiberoako hamaika etxaldeek kolektibo bat sortu dute 'Collectif tuberculose du 64' izenpean, eta protokolo esperimental baten proposamenak aitzinatu dituzte. Bestalde Frantziako gobernuaren laguntzak galdetzen dituzte biosegurtasunaren plantan ezartzeko, desinfekzioa egiteko eta mozkinen galtzearen konpentsatzeko. Aldi honetan, Donapaleun mobilizatuko dira GDS Osasun Defentsarako Elkartearen biltzar nagusiaren karietara. Izan ere, laborariek salatzen dute GDS administrazioarekin eskuz esku ari dela.

Laurent Bacho, Betharramisten bozeramailea: «Elizan ere baduzu deabrua»

1950 eta 2010 urteen artean eginiko abusuen karira 152 plenta aurkeztu dira orain arte Betherrameko kongregazioaren kontra. Alain Esquerre, Betharrameko biktimen bozeramailea martxoaren 20an errezibituko du Elisabeth Borne hezkuntza ministroak, eta aldiz, Bordeleko errektoretzako zerbitzuek inspekzio bat eginen dute kongregazioan. Laurent Bacho Betharramisten eskualdeko bikario ohia eta gaur egun kongregazioko bozeramaileak adierazi duenez, kongregazioa gertatutakoaz «arduradun» sentitzen da. Bere hitzetan, ez lukete «deus gorde», eta «ez ziren jakinean» ikastetxean gertatzen zenaz, eta erreparazio batzordea antolatze.