«Entseatzen gira arnas gune bat sortzen Donibane Lohizunen, hain turistikoa den herri honetan». 250 kiderekin Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak 90 urte bete ditu aurten. Lau emaztek sortu zuten talde hauetan eramaile izan zen Madeleine de Jauregiberri xiberotarra. Geroztik hainbat belaunaldi pasa dira bertatik. Berriz elkartuko dira gaur eta atzoko dantzari eta kideak maiatzaren 24ko ikusgarri handi batean. Aitzinetik gaur egungo dantza taldeak bi ikusgarri eskainiko ditu tanka aretoan. Horrez gain, apirileko bakantzetan taldearen ibilbidea kontatuko duen jantzi eta argazki erakusketa ikusten ahalko da. Martxoaren 8aren kari, Begiraleak taldeko 36 emaztek 'Irradaka' dantzatuko dute Donibane Lohizuneko karriketan.
Aurten, Emazteen eskubideen nazioarteko egunaren kontsigna, faxismoaren kontrako borroka da. Euskal Herriko Mugimendu feminista eskuin muturraren aurkako alternatiba gisa kokatzen da. Itaia mugimendu feminista "faxismoaren aurrean, emakume langileak borrokan" lelopean mobilizatuko da, eta Bagerak "faxismoari ezetz" errango dio. Sutan Kolektiboak aldiz « Faxismoaren kontra, ausardia eta borroka transfeministak » aldarrikatuko ditu.
Irlandako gaelikoa eta ingelesa nahasten duten raplarien historia kontatzen du Kneecap filmak. 2024an plazaratu zuen Rich Peppiatt filma zuzendariak eta ostegun honetan ikusten ahalko duzue Baionako Atalante zinema gelan, Plazara kooperatibarekin elkarlanean. 2017an Mo Chara, Móglaí Bap eta DJ Próvaík Belfasten sortutako hip-hop taldea da Kneecap eta fikzio hori haien ibilbidean oinarritzen da. Ostegun arrats honetan zine kontzertua eskainiko dute beraz, filmaren ondotik RTZ kolektiboak kontzertua eskainiko du.
Arrain hazkuntzan gero eta nekezia gehiago dituzte aldaketa klimatikoaren ondorioz. Frantziar estatuan arrain kontsumoaren %85 inportazioa da eta Frantziako arrain hazkuntza, kontsumoaren %2. Klima aldaketaren ondorioz, udan, erreketan ur gutxiago izaten da eta berriki parasito berri batzuk agertzen dira. Parasito horiek galtze handiak ekar ditzake. Bestalde, hegazti batzuek arraintegietan arrain batzuk jaten dituzte eta sare batzuen ezartzeko proposamena bada kalteen eztitzeko. Maialen Berterretxe baigorriarra arrain haztegien federazioko presidente izendatu dute berriki.
Tuberkulosia kasuak atzeman diren Xiberoako hamaika etxaldeak ez dira ados DDPParen tuberkulosia protokolo proposamenarekin. Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzako ordezkariarekin bildu ziren laborariak ostegunean. Irabarnen prefetak hiltze orokorrik ez zela izanen hitzeman bazuen ere, ororen buru, kutsatze heina besterik ez dute aldatu. Horren ondorioz, hogei behiko tropa batean hiru kabala eri izatekotan, talde osoa hil beharko litzateke. Hastapeneko irizpideen arabera, heina bi behitan ezarri zuen administrazio frantsesak. Laborariek protokolo berri baten proposamena landuko dute.
- EHZ festibalak aurtengo edizioa aurkeztu du
- Aldaketa klimatikoan itsas korronteek duten eragina aztertu du Paul Moal-Darrigade donapaleutarrak
- Antton Kurutxarri: «Berrehun helduren euskarazko ikastaldi trinkoa finantzatuko du Elkargoak»
- Larralde eta Ospital buruz buru, Frantziako pilota txapelketako finalean