Mauleko espartingileek udako sasoi txarra ukan dute

Espartingileek ez dute nahi beste saldu uztailean eta ekainean. Turismoak beheiti egin du uda honetan Ipar Euskal Herrian eta supermerkatuek espartina gutxiago manatu dituzte. Horren ondorioz, langabezia partzialean ezarri dituzte langile zonbait, besteak beste, Thauzin entrepresan. Don Quichosse saltegian ere, bilana ez da baikorra izan; Udako hilabeteetan, egunero, bospasei bisita egiten bazituzten ere, aurten, bisitaririk gabeko egun zenbait ukan dituzte.

Lapurtar bat arrauneko Euskotren ligako txapeldunen artean

Maider Bereau Senpertar arraunlariak goi mailako Euskotren liga irabazi berri du Donostiako Arraun Lagunak elkartearen izenean. Iaz, Kontxako proba famatua eraman ondotik, beste titulu ospetsu bat beraz lapurtarrarentzat. Gainera, errekor bat hautsi dute, jokatutako hamabost banderak irabazirik. Donostiako Kontxako bandera da azken erronka aurtengo. Lehen eguna irailaren lehenean iraganen da eta bigarrena irailaren 8an. Horretan parte hartzeko kanporaketa agorrilaren 29an, ostegunez jokatuko dute.

Hegazti ttikien kopurua urritzen doa klima aldaketan ondorioz

Amiamoko edo zikoina xuri eta miru beltz gehiago zenbatzen ditu LPO hegaztien babeserako elkarteak. Badu 46 urte txori zenbaketak egiten dituztela Organbidexkan, Larraine gainealdean. Kontaketak uztailaren 15an hasten dituzte eta azaroaren 15an bukatzen baina uztailaren 15etik agorrilaren 15a arte, miru beltzak pasatzen dira eta ondotik, azaroa arte zapelatz liztor jaleak dira pasatzen. Iaz, 25.000 miru beltz pasa ziren eta aurten 33.000 pasa dira. Amiamoko xurien kasuan, iaz 1.629 eta aurten jadanik 1.380 zenbatu dituzte. Hala ere, aldaketa klimatikoaren eraginak sentitzen dira, txori ttipi geroz eta gutiago agertzen dira. Hegazti harrapariak, babestuak dira Organbidexkan 1972ko legeari esker.

Baionan eginen du RPS koalizioak bere udako unibertsitatea

Aurten, EH Baik errezibituko ditu Région et Peuples Solidaires Frantziar estatuko mugimendu independentista eta autonomistak batzen dituen alderdiaren 29. Udako Unibertsitateak. François Alfonsi, Meritxell Serret, Igor Zulaika edo Anaiz Funosas entzuten ahalko dira egun hauetan. Bake prozesuak aipatuko dira Korsika, Katalunia eta Euskal Herriko adibidearekin, edota hizkuntza ttikituen egoera Europan Peio Jrajuria eta Paul Molacen parte hartzearekin. Abuztuaren 23an hasiko dira eta 25ra arte iraganen dira Baionako Bernat Etxepare lizeoan.

Maddi Kintana: «Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du»

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez. Maddi Kintanak aurkeztutako tesiak Alex Artzelusek mugaldeko hizkerei buruz egindako lanak berresten ditu: orain arte, helduenen artean euskalki bera partekatzen bazuten, adibidez, Luzaiden, Arnegin eta Garazin, gaur egun muga politikoa muga linguistiko bihurtzen ari da. Hortaz, bi hizkera ezberdin bereizten ari badira, beste nonbaitetik ere elikatuak dira: internetetik. Maddi Kintanak egindako ikerketak hori erakusten du behintzat. Ingelesa anitz entzun daiteke, baina frantsesaren eragina azkarrena da. Etorkizunean, bere tesiaren gaia Lapurdiko kostalde osora zabaltzeko xedea du.