Uztaritzeko mediateka berria, herritarren kulturarako gosea asetzeko proiektua. Herriko etxeak mediateka berria izanen den eraikinaren lehen irudiak erakutsi ditu. 915 metro karratuko guneak Lota jauregia inguratuko du, parkean kokatuko da. 21.000 liburu eskainiko ditu, hauetan euskarazko 2.500 dokumentu. Horrez gain, ludoteka, espazio digitala edo ikusgarri gela bat ere. Kasik lau milioi euroko aitzin kontuaren %70 diruztatuko dute erakunde publikoek. Obrak udaberri honetan abiatuko dira, eta bi urtez luzatuko dira gutienez.
Abdullah Öcalanek jakinarazi du PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) alderdiak bere jarduera armatua bururatuko duela eta bide politikoak lehenetsiko dituela. Erabaki hau Turkiako eta kurduen arteko bake prozesuaren barruan kokatzen da, eta eskualdeko bake eta egonkortasunaren aldeko urrats historikotzat jo daiteke. Taldeak borroka armatua utzi eta etorkizuna politika bidez gidatzeko prest dagoela nabarmendu du. Erabaki honek hamarkadetako gatazka armatu baten amaiera ekar dezake, eta kurduen eskubideen aldeko borroka beste esparru batzuetan bideratzeko aukera irekitzen du. Orain, Turkiako gobernuaren eta nazioarteko komunitatearen erantzuna funtsezkoa izanen da bake prozesuaren arrakasta bermatzeko.
Protesta Pauerat zabaldu dute hazle xiberotarrek. Ez dute begi onez ikusten DDPP Herritarren Babeserako Zuzendaritza Departamentalaren proposamena, Xiberoan 280 etxalde eta 11.000 kabala barne hartuko dituen lanjer sanitarioko eremua ezartzeko. Biosegurtasunari loturiko arauen zorroztea ekarriko luke neurri horrek, eta haren eraginez, besteak beste, behiak bortura igortzeko profilaxia froga bikoitza egitera behartuak izanen dira etxalde hunkituak. Hazleen ustez, neurria ez da egokia; izan ere, haien erranetan, frogak «ez dira beti seguruak eta zenbaitetan kabala hil ondoan kabala osagarri onean zela baieztatzen baita».
Etxez etxeko langileen eguna dela eta, LAB sindikatuak langile horiei egindako inkesta baten emaitzak publiko egin ditu Departamendu kontseiluko egoitzaren aitzinean, Baionan. Sindikatuak etxez etxeko langileen 53 lekukotasun bildu ditu. Inkestak dio etxez etxeko langileen gehiengoa emazteak direla, askotan diplomari gabekoak, eta denbora erdiz ari direnak. Horrekin ere, LAB sindikatuak lurralde mailako eskumen soziala berreskuratzea aldarrikatu du, Parisen egindako hitzarmen kolektiboek ez baitute hemengo beharrei erantzuten.
La capsule Bleue elkarteak lihogintzaren jakintzaren berreskuratzeko eta oihalen berriz egiteko xedea du. Arrosan dute egoitza eta bertan lihoaren ehuntzeko tresna bat ezarri dute. Eskualdetik 30.000 euroko diru laguntza ukan dute haien proiektuaren bultzatzeko. Bestalde, beste elkarte batzuekin kolaboratzen dute, hala nola, Haran ubel elkartearekin. Azken horrek, liburu baten idazteko xedea du lihoaren historioa eta harek zuen errola ikertuz. Lana 2025 urteko udan argitaratzea igurikatzen dute.