Euskal Hirigune Elkargoa gaindituko duen autonomia estatutua ezarri du ortzimugatzat, EH Bai koalizio abertzaleak. Bere programa politiko berria aurkeztu dute Baionan, ondoko urteetako bide orri izanen dena. Elkargoa jada gainditua izan dela deritzote, eta Ipar Euskal Herriak estatus juridiko berri batera jauzi egiteko beharra duela aldarrikatu dute. Hain zuzen ere, eskumen fiskal eta legegilea beregain izanen lituzkeen eredu bat defendatuko dute, Estatu frantsesarekin akordioa erdietsiz eta erreferendum bidez erabakiz. Orotara, Iparraldearendako 24 eskuduntza galdegin ditu EH Baik, botere betearazlea Estatuaren esku utziz.
Pantxoa Bimboire Haritxelar, Ipar Euskal Herriko Eusko Alderdi Jeltzaleko arduradun berria da azarotik. Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da. Enpresaburua da txokolategintzan, Sokoan lan egin izan du eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan kargua du Andre Garreta lehendakariaren aholkulari gisara. Lantegiak nagusi elkarteko bulegoko kide da. Abertzaleen Batasuna eta EH Bai alderdietako kide ohia da.
Irisarrin dute hitzordua esku huska zaleek igande honetan. Goizetik arrats, Iparraldeko Txapelketako finalak izanen dira herriko trinketean. Goizean, A multzoko Lau Herriko Chapelet-Bidart eta Hazparneko Pagegi-Sahasket bikote gazteak lehiatuko dira, eta ondotik, Baigorriko Alkasena-Larre eta Amikuzeko Thikoipe-Mendiburu bigarren mailako helduak. Arteko bikoteek irekiko dute arratsaldeko, 16:30etan, Irisarriko Etxeverz-Bidart eta Baigorriko Etxeberri-Bidegain Alfaro bikoteen arteko partidarekin. 17:30etatik goiti, helduetako lehen mailako finalarekin bururatuko da besta. Horren karietara, Urruñarrak elkarteko Kriztof Zigarroa eta Mathieu Lazkanok jokatuko dute, Denek Bat taldeko Bixente Lafitte eta Thierry Harizmendiren kontra.
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80 galdu dituzte hazleek, eta ondorioz, heldu den sasoia lanjerrean da. ELBk elkartasun deialdia zabaldu du, marroak laborarien artean prestatzeko. Sindikatua prest agertu da laguntza eskaini nahi dutenen eta jaso nahi dutenen artean lotura egiteko. Bereziki, marroak izan dira kopuru handienean hil direnak etxaldeetan. Horrenbestez, Laguntza emateko edo ukaiteko, ELBko bulegora deitu beharko da urtarrilaren 5a aitzin.
El Hogar igerilekuaren arraberritze eta handitzea bidean da. 26 milioi euroko inbertsioarekin, Claude Olive auzapezaren agintaldiko proiektu garrantzitsuena izanen da. Hiru igerileku izanen ditu ur-zentro berrituak, 800 metro karratuko ur eremuarekin. Helburu nagusia, Angeluko haurrei igerika irakasteko gunea izatea da. El Hogar igerilekuan 16.000 ikaslek ikasten zuten igerian, baina lanen ondotik, 36.000 izanen direla aitzinikusten dute, eta urtean, 180.000 bisitari igurikatzen dituzte. Ur zentroaren estrena 2025eko irailean izanen da. Herriko etxeak jakinarazi du orain arteko prezioek gora egingo zutela.