Frantses gobernuaren kontrako zentsura mozioaren biharamunean, funtzio publikoko langileek Baionako karrikak bete dituzte. Untsalaz, Barnier lehen ministro oiharen neurriak salatzea zen xedea; besteak beste eritasun geldialdian hiru eguneko lansari gabezia. Lehen ministroaren dimisioarekin, lege proiektua ere ez da gehiago aktualitatean. Sindikatuek erabaki dute mantentzea greba mugimendua, arlo publikoaren zailtasunak argitan emateko.
Michel Barnierren kontrako zentsura mozioa onartu du asteazken gauean. 331 diputatuk egin dute ezkerraren zentsura mozioaren alde, horien artean Iparraldeko hiru diputatuak, eta RN Batasun Nazionaleko diputatu ultraeskuindarrak. Bazuen 60 urte zentsura moziorik ez zela onarturik izan. Orain, Emmanuel Macron presidenteak Fronte Popularraren edo eskuin muturraren gustuko lehen ministro berri bat izendatu beharko du, beste zentsura mozio bat saihestu nahi badu. Peio Dufau legebiltzarkide abertzalearen iritziz, zentsura mozioa «ez da erabateko garaipena izan» eskuin muturraren babesa behar izan baitute, eta «egoeraren ardura» hartzen dute. Haren ustez, Macronek «egiteko moldeak aldatu beharko ditu» legegintzaldiarekin aitzina segitzeko.
Frantses gobernuaren erorketa ez dute begi onez hartu, bistan dena, eskuin kontserbadoreko ordezkariek. Beñat Cachenaut Errepublikanoen laugarren hautesbarrutiko diputatugaiak «bi muturren batasuna» ikusi du zentsura mozio horren oinarrian. Frantzia «krisian» ikusten du, eta ez du segurtamenik ikusten ondoko garaiendako. Haren ustez, Barnierren gobernuak 49.3 artikuluaren bidez onartarazi nahi zituen aurrekontuak baitezpadakoak ziren, Frantziako estatuak duen zorra murrizteko.
Durangoko azokan aurkeztuko diren Iparraldeko berritasunen artean, Ekaitz Bergaretxeren liburua atzeman daiteke. 'Masusta erreximenta – Abertzale baten bizipenak' liburua argitaratu berri du. Azaltzen duenez, bere bizipen bidez herri zapaldu baten sasiko bizia islatu nahi izan du, herritar xume baten ikuspegitik eta itzaleko borrokalariak argitan emateko. Euskal Herriaren iragana hurbiletik ezagutzeko eta oraina hobeki ulertzeko xedez idatzi du liburua Bergaretxek.
Durangoko Azokako erakusmahaiek 933 berritasun izanen dituzte aurten, hauetan 50 Ipar Euskal Herritik. Abenduaren 5etik 8ra iraganen da 59. azoka, eta iaz baino hamazazpi erakusmahai gehiago izanen dira, hots, 270 baino gehiago. Iparraldetik 32 liburu eta hamabost disko aurkeztuko dira, hauetan Kuartzen azken lana, Mattin Lerissarena edota Maider Zigarroarena. Argitalpenen aldetik Ixabel Etxeberriren haur liburuak edo Ekaitz Bergaretxeren 'Masusta Erreximenta'. Gazteei dei berezia egin nahi die azokak eta haiei zuzendu eguna izango da abenduaren 6koa. Euskal herri osotik 50 ikastetxek ere eginen dute bisita.
Euskal Hirigune Elkargoaren garraio publikoaren sindikatuak Xiberoako konexioak azkartuko ditu. Donibane Garazi eta Atharratze arteko bi linea berri ezarriko dituzte, udako sasoian, Iratiraino helduko dena. 2025ean, gainera, Sohüta eta Garazi lotuko dituen linea berria entseatuko dute. Horrez gain, azken urteetan ukan duen harrera ona dela eta, Atharratze eta Baiona arteko hamaikagarren linea hobetzeko neurriak hartuko dituzte, hala nola, aste barneko maiztasunak handitzea eta asteburuetako zerbitzua irekitzea.
- Euskal Herriko 150 animali basen gida osatu du Iker Elosegi hazpandarrak
- Jai Alai ligako txapelketa bat estreinakoz jokatuko da AEBtan
- Eñaut Etxepareborde: «Agentziek diru gutxi duten bezeroak errefusatzen dituzte. Etikoop-ek, aldiz, zailtasunetan direnei alokatuko die»
- «Justizia euskararentzat» galdegin du EHEk, Baionako auzitegian