Iker Elosegi hazpandarrak 'Euskal Herriko Fauna Gida' liburua aurkeztu du. Liburu horren xedea lurralde txiki honetan bizi diren animalia basekiko jakin-mina piztea da. Horretarako naturazale jarrera hartzea proposatzen du. Orotara, 150etik gora animalia aipatzen baditu ere, liburua ez da espezie katalogo bat. Animalia horien gaineko jakintza zabaltzera, beste espezie batzuk ezagutzeko gogoa piztera eta bizi garen ingurumena hobeki ulertzeko gakoak ematera dator.
Euskal Herritik Ameriketara jauzi eginen du zesta puntako Jai Alai Ligak. Hamabi pilotalekutan jokatuko dira partidak Euskal Herrian, Pauen eta Floridako Danian. Zortzi slam, hamazazpi master eta bost sailkapen proba izanen ditu aurtengo ligak eta puntuazio sistema ere aldatuko dute. Preseski, Byscaine Cup izeneko masterra Dania Jai Alai frontoi historikoan jokatuko dute, otsailaren 20tik 22ra. Pilotari bakoitzak gehienezko txapelketa kopuru bat izanen du, sailkapena proportzionalagoa izan dadin. Otsailean hasiko dira sailkapen probak.
Etxe agentzia etikoa sortu nahi dute hamar bat herritarrak. Etikoop izeneko kooperatiba muntatzen ari dira, etxebizitzaren krisiari beste manera batez ihardesteko. Dirua eta «espekulazioaren logiketatik kanpo» kokatzen dira, eta «prekarietatean diren herritarrei zuzendu irizpideak» ezarri dituzte. Mementoko, galdeketa fase bat ireki dute etikoop.eus webgunean, higiezin agentzia etikoaren balioak eta lehentasunak zehazteko. Okzitaniako Tolosako “La coopérative de l’Immobilier” hartu dute oinarritzat, eta haien adar gisa egituratuko dira Ipar Euskal Herrian.
Baionako auzitegiko atarira igan dira Euskal Herrian Euskaraz kolektiboko bi kide astelehen honetan, eta 'Justizia euskararentzat' margoketa egin dute. Frantziako Poliziak atxilotu eta Baionako polizia-etxera eraman dituzte, arratsaldean libre uzteko. Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira bi ekintzaileak, eta abenduaren 7an Durangon eginen duten manifestaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Cantau lizeoan kexu… Angeluko ikastetxeko Metaleriako Bac Pro saila hesteko xedea du errektoretzat. Bastimendurako obra metalikoak fabrikatzen duen diziplina da metaleria. Bertako erakasle, hautetsiak eta metalgintzako profesionalak elkartu dira astearte goizean erabakia salatzeko. Gaur egun berrgoi ikasle inguruk osatzen dute saila, ondotik lantegietara jauzi egiteko. Adierazi dutenez, gaur egun, formakuntzadun langileak eskas dira; horren adibide da France Travail webgunean 2024ko urrian metalgintzan lanean aritzeko hirurogei lan eskaintza inguru argitaratu zituztela.