Frantziako Pilota Federakuntzako lehendakaria izanen da laugarrenez Lilou Etxeberria. Zazpi bozkako alde estuarekin gailendu da Stéphane Saint-Laurent oztibartarraren parean, 601 bozkarekin. Iparraldeko Pilota Batzordean izandako kalapitek kalte egin dioten arren, garaileak Xavier Cazaubon FIPVko presidentearen babesa erdietsi du. Federakuntzako batzorde berrian 26 jarleku ukanen ditu Etxeberriaren taldeak eta zortzi Saint-Laurentenak. Azken horrek, federakuntza kudeatzeko beste ikuspegi bat defendatzen zuen, «gobernantza gardenago eta partekatuago» bat aldarrikatuz. Horren aitzinean, FFPBaren «finantzen sendotasuna» erdietsi duela babestu du Etxeberriak, eta performantzia handiko zentro berriaren eraikuntzaren aldeko bere engaiamendua berretsi du.
AHT proiektuaren kontra agertu da Euskal Hirigune Elkargoa, Baionako Arteen Hirian larunbat goizean egin duen biltzarrean. Zehazki, 137 hautetsik bozkatu dute Bil Gaiten talde abertzaleak aurkeztu duen mozioaren alde, hogeik kontra eta 41k abstentziora jo dute. Biltzarra aitzin, ordea, elkarretaratzea egin dute Kanboko Marieniako laborantza lurren defendatzaileek. Eskuorriak banatu dizkiete hautetsiei hirigintza proiektuaren kontra mobiliza daitezen. Momentuz 45 hautetsik izenpetu dute Marieniako laborantza lurren aldeko testua, eta ondoko biltzarraren gai-ordenean gehitua izanen dela hitzeman du Jean René Etxegarai lehendakariak.
Eguzki Urteagak bi autore garaikideren pentsamendua aztertu du frantsesez argitaratu berri duen liburuan, Zygmunt Bauman eta Daniel Innerarity filosofo nafarra, hain zuzen ere. Urteagaren arabera, bi autoreek humanismo bera eta gaur egun globalizazioaren, liberalismoaren eta indibidualismoaren ondorio konbinatuaren pean gizarteek bizi dituzten eraldaketa politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta sanitarioak zorroztasunez eta argitasunez heltzeko borondate irmoa dute. Haren arabera, gure garaiko gai handiei buruzko eztabaida publikoan parte hartu duten intelektualak ere badira.
Larunbat eguerdirako jakin beharko genuke nor izanen den Frantziako Pilota Federakuntzako lehendakari berria. Stéphane Saint Laurent oztibartarraren taldeak, beste norabide bat eman nahi lioke gobernatzeko manerari. Zuzendari orokorraren postua sortu nahi luke, lehendakaria, diruzaina eta idazkariak beste proiektu batzuez okupa daitezen. Pilota elkarte, komite eta ligekin ere hurbiltasun gehiago segurtatu nahi luke, baita komunikazioa hobetu ere. Lilou Etxeberria gaur egungo presidenteak nahi luke laugarren eta azken kargualdi batentzat hautatua izan, trantsizioa segurtatzeko. Paleta pilota goma beteko nazioarteko lehiaketa sortu nahi luke, joko horrek baitu lizentziadun kopuru handiena, baita azken urteetan abiatu dituen proiektuei segida eman ere.
«Argizko idazkun digitalak debekatu». Aturri aldeko Stop Pub kolektiboak bederatzi proposamen plazaratu ditu, Tokiko Publizitatearen Araudia eztabaidan delarik momentu honetan. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek adostu behar duten araudia da, 2026an bozkatuko dutena. Kolektiboak publizitaterik gabeko eremu babestuak eskatzen ditu, hainbat lekutan argidun iragarkiak debekatzea edota iragarki taulen izaria mugatzea. Publizitatearen araudia osatzeko kontzertazio fasean dira hautetsiak. Kolektiboak aukera izan du bere proposamenak aurkezteko tailerren bidez. 2026an bozkatu beharra dute araudia elkargoko hautetsiek.