Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lanaldien berrantolaketa proiektuak arrangura pizten segitzen du. Astearte goizean Cam de Prats egiturako langileen parte batek protesta egin du erietxeko bideetan eskuorriak banatuz. Berrantolaketa proiektu horrek RTT egun kopuruak murriztuko lituzke. Ospitaleko zuzendaritzak berrantolaketa hori defizit handiegia saihesteko neurri gisa defendatu du. CGT sindikatuak deitua zuen astearteko mobilizaziora, anartean UNSA sindikatua zuzendaritzarekin negoziaketan delarik.
FDSEA eta JA sindikatuko kideak hainbat hautetsi eta senatariekin bildu dira astelehenean, Donoztirin, laborarien lan baldintzen salatzeko. Azken aldiko laborarien mobilizazioen ondotik, berriz mobilizatzen hasteko parioa egin du FDSEAk. Konfiantza galdu dute haien aldarriak ez baitira kontuan hartzen. Haien lanetik bizitzeko zailtasunez, presio administratiboez edota gazteek plantatzeko ukaiten dituzten zailtasunez ohartarazi dute. Hartu-eman horretan parte hartu dute, besteak beste, Max Brisson senatariak, Peio Dufau eta Iñaki Etxaniz legebiltzarkideek eta Isabelle Pargade Elkargoko laborantza saileko lehendakari-ordeak. Senatuan pestiziden baliapenari mugak kentzeko legearen alde bozkatuko duela baietsi die FDESAkoei Brissonek. Peio Dufau diputatuak, aldiz, lege proposamen bat aurkeztuko du urte bukaera eta 2025 urte hastapen horretan lurren segurtamenaren inguruan.
Ipar Euskal Herriko bederatzi enpresaburuk bat egin dut, beren langileendako etxebizitza eskuragarriago batzuk proposatzeko. Duela urte bat sortu zuten Lan eta Bizi Herrian SCI higiezin sozietate zibila, eta jada, eraikin bana eskuratu dituzte Hazparnen eta Aiherran. Bertan, alokairuan proposatuko diren bizitegiak sortuko dituzte, eta Peio Etxeleku enpresaburuak azaldu duenez, urte batzuen buruan, egoiliar iraunkorrek bizitegi horien gozamena erosten ahalko lukete, higiezin sozietate zibilak jabetza soila atxikiz. Alta, gozamen hori arraerosteko eskubidea izanen du egiturak. Egitasmo horretan 700 langile enplegatzen dituzten bederatzi enpresa elkartu dira, horien artean, Agour, Bastidarra, Ladeuix, Elkarlan, Betiko, Somocap, Voltaire eta SOGECA. Enpresa bakoitzak 50.000 euro inguruko inbertsioa egin du, egitasmo bateratu horren garatzeko. Etxelekuren hitzetan, «langileei bizitegi horien gozamena salduz geroan operazio berriak egitea» espero dute. Hazparnen lau apartamentu eginen dituzte, eta Aiherrako Auxotea etxean beste zazpi. Horrez gain, eraikin horretan zen ostatua biziberritzeko nahia erakutsi dute, baita bere ondoan diren komertzioak mantentzeko ere.
Ipar Euskal Herriko Hitzak jauzi berri bat eman du. Berria egunkariari lotu astekaria, 24 orrialdeko aldizkari formatuan atzemanen duzue orain. Magazin formatua, irakurleari bisualagoa eta erakargarriagoa izatea espero dute, beteak beste argazkiari leku gehiago emanez. Gaur egun 600 harpideturekin, abonamendu kanpaina bat abiatzen dute. Oihana Teyseyre Koskarat urruñarra izanen da Ipar Euskal herriko Hitzaren erredaktore burua. Horrez gain, Baionako San Andres plazako Berriaren egoitza berritua estreinatu dute Berriak eta Hitzak. Urteko harpidetza 40 euroan izango da, eta irakurleak etxean errezibitzen ahalko du magazina astero.
Asteburu honetan iragan da Santa Katalinako feria. Hazle eta tratularien arteko hautsi-mautsiak izan dira nagusi larunbatean, zaldi eta pottoken ferian. Igandean, aldiz, tokiko produktuen merkatuak hartu du tokia. Orotara, berrehun kabala baino gehiago ikusgai izan dira Heletako plazan.