Datozen urteko aurrekontua eztabaidatzen ari diren une honetan, proposamen batzuk egin ditu Barnier-en gobernuak. Eta horrek bazterrak harrotu ditu. Aprendizgoa, edo eskola eta lana nahasten dituenarentzat, orain arte 6.000 euroko laguntza proposatzen bazen, laurden bat txikitu nahi dute eta 4.500 eurokoa izatea proposatzen dute.
Enpresa txikiek dituzte, gehienbat, aprendizak enplegatzen, izan okindegietan, ile-apaintzaileetan edo baita harriketa edo margolantza lanetan ere.
Benat Casanave ODACE-ko kidearengana joan gara jakiteko zer pentsatzen duen horretaz eta zer ondorio ekar litzakeen.
Hitzak Lege, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak biltzen dituen erakusketa, Baxe Nafarroako hiriburuan ikusgai dago. Baionan, Iruñean, Bilbon eta Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan izan ondoren.
Asteazkenean estreinatu zen Donibane Garaziko herriko etxean. Gotzon Lobera, Bizkaitar legegile eta Euskaltzain urgazleak, erakusketaz gehiago azaldu digu. Erakusketa Donibane Garaziko herriko etxeko ohorezko aretoan ikusgai dago abenduaren 6a arte (astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 12:00etara eta 14:00etatik 17:30etara). Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu ondoko larunbatetan: azaroaren 9an, 16an eta 23an, 10:00etatik 12:00etara.
Buruz Buru saioak bi auzapez biltzen ditu: bat Iparraldekoa eta bestea Hegoaldekoa, elkarrekin beren herriei buruz solasean aritzen direnak. Parada ederra da mugaz gaindiko ezberdintasunak aipatzeko eta trukatzeko.
Hilabete honetan, Errenteriako Aizpea Otaegi eta Hiriburuko Alain Iriart izan ditugu Buruz Buru saioan. Errenteria Gipuzkoako herri bat da, Oarsoaldea eskualdean kokatua. Historikoki industria arloan garrantzi handia izan du. Hiriburu berriz, Lapurdiko herria da.Baionaren ondoan kokatua, azken urteetan demografia handitze nabarmena izan du.
Azaroaren 21etik 24ra iraganen da Hazparneko Haritz Barne zinegelan Zinegin jaialdia, eta bertan programazio ugaria ikusteko aukera izango da. Donostiako film festibalean izendatuak izan diren filmak, hala nola "Puzzleak" eta "Azken Erromantikoak", ikusi ahal izango dira, baita "Arg(H)itzen", torturaren inguruko dokumentala ere. Horrez gain, ostiralean zine-kontzertu bat eskainiko da Tattola gaztetxean, urririk. Programazioa osorik ikusteko, Zinegin-en webgunera jo dezakezue. Sarrera gehienak 3 eurotan daude salgai Eihartzea kultur elkartearen Helloasso orrian, hemen.