Lehen edizioaren arrakastaren ondotik, Emeki festibala berriz heldu da bere bigarren edizioa ospatzera asteburu honetan. Urruñako herriko etxeak antolaturik, bi eguneko festibala emazteei dedikatua da, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko artista ainitzen talentua agerian ezartzeko xedea du. Musika estilo guztietako programazio anitza eskainiko da. Berrikuntza batekin aurten: dantza ere ohoretan ezarria izanen da Donibane-Lohitzuneko Begiraleak taldeko neskekin. Festibala arratsaldeko 16:00tan hasiko da larunbatean, urririk.
Baionako ospitaleko langileek petizio bat abiatu dute interneten aparkaleku eskasa salatzeko eta irtenbide bat aurkitzeko. Langileek azpimarratu dutenez, batzuetan ordu bat lehenago abiatu behar dute leku bat aurkitzeko, usaian langileentzat erreserbaturik duten aparkalekua biziki azkar betetzen baita. Langileek azpimarratzen dute horrek eragina duela bai ordutegietan, bai lanaren kalitatean ere. Segurtasunaren argumentua ere aipatu dute, autora bidean, zenbait langile erasotuak izan baitira.
«Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago». Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu duenez, «kanporaketa gehiago, eta erregularizazio gutxiago» egiteko xedea du. Anitzetan, ultraeskuinaren posizioekin bat egin duen ministroaren hitzek «izua» eragin dute etorkinen eskubideen alde lan egiten duten elkarteengan, baita ezkerreko eragile politikoengan. Horien artean, Ipar Euskal Herriko Etorkinekin Diakitéko Amaia Fontang kideak, elkarteak duen arrangura adierazi du. Testuinguru honen erdian, Mugarik Gabe topaketak antolatu dituzte irailaren 24tik 28ra, eta urriaren 3tik 5era iraganen direnak Baionan, Larzabalen, Donapaleun eta Uztaritzen.
Mauleko eta Atharratzeko osasun etxeak estreinatu dituzte asteazken honetan. Xiberoako hiriburuan mediku, erizain eta espezialista polo berria izanen da, baita dentista kabinete bat ere. Atharratzeko egoitzan, aldiz, lau mediku eta bi erizain izanen dira. Mauleko osagarri-etxeko lanek 2,3 milioi euroko kostua izan dute eta Atharratzekoarenak 700.000 euro. Bi proiektuek Akitania Berriko eskualdearen eta Europar Batasunaren bultzada ekonomikoa jaso dute. Orotara, 340.000 eurokoa izan da eskualdearen laguntza, eta 420.000 eurokoa Europakoa.
Ikasturtea abiatu da jada eskola orotan, baita Luzaide eta Arnegiko eskola berezian ere. 2016an elkartu ziren garaian Garazi inguruko haur guziak Garazin eskolatzeko xedea zelako. Ikasleek gaztelania, frantsesa eta euskara lantzen eta ikasten dituzte, eta bi estatuetako hezkuntza modeloak uztartzen dituzte. Arnegiko eskolan, lehen, bigarren eta hirugarren mailak iragaten dira, eta Luzaiden ama-eskola eta laugarren, bosgarren eta seigarren mailak. Beste eskolekin trukaketak egiten dituzte ere, izan Nafarroakoekin zein Iparraldekoekin. Buruilaren 2tik 6arte Luzaide eta Arnegiko ikasleak Parisera joan ziren Joko Paraolinpikoen kari.
- Robotika BTS berri bat Sohütako lizeoan, lurraldeko industriaren beharrei ihardesteko
- Teknologia digital berrienak euskaraz deskubritzeko aukera ukan dute 240 ikaslek Baionan
- Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra
- Zinemaldia: 'Zortzitik infinitura', bidai bai euskal zinemaren historian