Patxa'ma elkartea kooperatiba bilakatu da

Elkartetik, kooperatibara. Eraikuntzako ekai eta materialak berreskuratzen ditu Patxa'mak, prezio merkeagoak proposatuz eta horien berrerabilpena bultzatuz. Bost urtez elkarte gisara egin dute lan hori, baina hemendik aitzina, kooperatiba gisara eginen dute. Duela bi urte Baiona iparrean plantatu ziren 500 metro karratuko gune batean. Egitura berrian bat eginen duten hirurogei kide atzeman dituzte, izan enpresa, eragile publiko, alokatzaile sozial edo profesionalak. Partaide nagusien artean dira, nesteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa, Bil Ta Garbi, ESTIA ingeniaritza eskola, ISA BTP institutua, I-Ener, Bizi eta Euskal Moneta.

Andoni Egaña: «Bertsolaritza osasuntsu ikusten dut; baina ez dakit euskararen botila erdi beterik ala erdi hutsik dagoen»

Asier Altuna zuzendariaren 'Bertsolari' filma eskaini dute Donibane Garaziko zineman, joan den ostiralean. Zine eztabaidan parte hartu du, besteak beste, Andoni Egaña bertsolari ezaguna. Azken urteetan bertsolaritzak ukan duen bilakaeraz mintzatu da zarauztarra. Bertsolaritza osagarri onean ikusten duen arren, euskal hizkuntzarekiko arrangura duela azpimarratu du: «Bertsoak euskara behar du, eta euskararen kasuan, ez dakit botila erdi beterik edo erdi hutsik dagoen».

Laborarien «SOS» mezua, bizi dituzten nekeziez ohartarazteko

Laborarien nekeziak salatzeko mezu ikusgarria Jutsin. ELB, FDSEA eta sindikatu gabeko laurogei laborarik beren traktoreak batu dituzte Jutsin, «SOS» mezu erraldoi bat igortzeko. Etxalde txikiek ber nekeziak pairatzen dituztela ohartarazi dute, beren lanbidetik bizitzea gero eta nekeagoa baitute. Joan den astean izan mobilizazioen ondotik, Garazi, Amikuze eta Oztibarreko laborari talde batek denak batzeko eta ekintza sinboliko azkar baten egiteko ideia ukan du.

Alain Larrea: «Ezeztatuak izan diren Immigrazio legeko neurri zorrotzenak beste lege batekin onar litezke»

Zergatik gibelera bota dituzte Immigrazio legearen artikulu gehienak? Frantziako Konstituzio Kontseiluak lege horren abantsu herena zentsuratu zuen joan den urtarrilaren 25ean. 86 artikuluetatik 32 bertan behera utzi ditu, hala nola, paperik gabe izatea delitu bilakatzen zuena edota senideen biltzea oztopatzen zuena. Konstituzio kontseiluak ebatzi du 32 neurri horiek «ez dutela zerikusirik legeak landuriko gaiarekin», hots, immigrazioarekin. Etorkinen eskubideen aldeko elkarteak pozik agertu dira baina Alain Larrea abokatuak oroitarazi duenez «neurri zorrotz horiek beste lege batzuen bidez onartu daitezke».

Alokatzaileen kanporaketak salatu ditu Aldak

Gero eta alokatzaile gehiagori gertatzen zaio etxetik kanporatua izatea. Abbé Pierren adierazpenetik 70 urte pasa diren egun berean, ekintza bat burutu du Aldak Baionan. 30 bat pertsona lerrokatu dira suprefeturan, aurpegia maskara xuriz estalirik eta ezpata bat zutela zintzilik gainean. Alokairu eteteen bidezko kanporaketa kasu andana zenbatu dituzte azken hilabeteetan; horren erakusgarri da iaz 97 laguntza galde jaso zituztela. Besteak beste, Fabrice Duponten kasua azpimarratu du Aldak. Hemeretzi urtez apartamentu batean bizi izan da Miarritzen, eta orain, Kaledonia Berrian bizi den jabeak kanporatu nahi du, apartamentua saltzeko xedea duelako. Sustengu gaualdi bat antolatzen du Aldak otsailaren 24an, Duponten gastuei buru egiteko.