Euskal Artzainak Ameriketan 2011n sortu elkartea da, eta Nafarroan du egoitza. Bere helburu nagusia AEBetan "Euskal artzain" gisa ezagutzen direnen bizi moldea eta lan baldintzak zabaltzea da, hots euskal artzainak nola bizi izan diren, nola lan egin duten eta nola itzuli diren. Berriki, Nafarroako gobernuak 15.000 euroko diru laguntza eskaintzen dio Ameriketako artzain elkarteari eta horrekin ibilbide baten osatzeko xedearekin dira. Laura Igantzi Ameriketako artzainen elkarteko presidentea gure goiz berriko gomita dugu.
22 urtez publikoari hetsirik egon ondoan, Zokoako gotorlekuak ateak irekiko ditu Ondarearen egunentzat. XVII.mendeko dorrera igan gabe, orain arte egin diren arraberritze lanak bisitatzen ahalko dira. Ondoko urteetan itsas-ondareari eskainia izanen zaio lekua, baina oraindik arraberritze lan gotorrak egitekoak dira. 2020tik euriaz eta haizeaz babesteko lanak egin dituzte, milioi bat euroz goitiko kostuarekin. Ondarearen egunen kari, buruilaren 21 eta 22an Zokoako gotorlekuaz gain itsasoari lotu gune ezberdinak bisitatzeko aukera izanen da, hala nola, Ziburuko itsasargia, Santa Barbarakoa edota Zokoako Semaforoa.
Tren berezi horren ehun urteak ospatuko dituzte asteburu honetan Larhungo mendi kaskoan. Urtean milioi bat bisitari ukaiten ditu gune horrek, eta horietatik 300.000 tren ttikiaren bidez igaiten dira kaskoraino. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herriko gune turistikoenetarik bat bilakatu da Larhun. Hori dela eta, 28 milioi euroko laguntza eskainiko Pirinio Atlantikoetako departamentuak trena eta trenbidea arraberritzeko. Horrez gain, sei milioi euro bideratuko dituzte ere trenaren garajea eta azpiegitura elektrikoa berritzeko. Mendeurrena ospatzeko buruilaren 18tik 22ra egitarau oparoa antolatu dute Larhun kaskoan. Igandean izanen da egun nagusia, bote luzeko partidarekin, bertsolariekin, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin, eta beste.
Euskal Monetak sartze honetako bere helburuez puntua egin du. Hamabi langilerekin euskoak leku gehiago nahi du mediateka, igerileku edo jantegietan, baita Txik Txak garraio publikoaren sarean ere. Horretarako herriko etxeen inplikazioa beharko du. Gaur egun, 38 herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak baliatzen dute Ipar Euskal Herriko tokiko moneta hau ordainketa zenbait egiteko. Duela hamabi urte sortu zen, eta gaur egun, 4,2 milioi eusko zirkulazioan dira, 4.200 norbanakok eta 1.400 profesionalek baliaturik. Aurten Ipar Euskal Herri barnealdean indartu nahi du moneta horren presentzia. Horri begira, Xiberoa, Baigorri, Iholdi, Oztibarre eta Amikuzen lanean arituko den lurralde animatzaile berri bat enplegatu dute.