«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak». Ele horiekin bururatu du bere hitzartzea Xarles Bidegain euskaltzain emerituak. Urrezko medaila eskaini dio Baionako herriko etxeak urteetan euskararentzat eraman duen lana ohoratzeko. Euskararen Nazioarteko egunaz baliatu dira ekitaldia egiteko familia, adiskide eta euskalgintzako ordezkarien artean. Erretretan izanik ere, oraino beste dokumentu eta lan batzuk argitaratzeko dituela iragarri du Bidegainek.
Gaueko kurtsoak, formakuntza trinkoak, profesionalak, udako ikastaroak… Helduen euskalduntzeko metodo ezberdinak proposatzen ditu AEKk. Euskararen nazioarteko egun honetan, helduen euskalduntzea argitan jarri nahi izan dugu. Urte osoan 1.300 helduk segitzen dituzte gaueko kurtsoak eta aurten 60 langile formatzen ari dira ibilbide profesional baten baitan.
AEKk 2004 urtetik proposatzen du xede formakuntza. Kolektibitate, herriko etxe edo egitura publikoetako agenteei zuzendua zaie gehienbat. Urtero berrehun bat ikaslek segitzen dute ibilbidea, lanean euskara baliatzeko helburuarekin. Borondate politikoa agerian bada, ibilbide luzea da langileentzat. Astean hiru orenez ari dira ikasleak eta urtean hiru asteko ikastaroa segitu behar dute. Egitura pribatuetatik ere galdea izan du berriki AEKk, enpresa pribatuetako langileak euskaraz trebatzeko.
Claudine Arhancet, Mikel Erramouspe edota Marie Hirigoienen parte hartzearekin adibidez, lekukotasun partekatze eta trukaketa momentu bat osatu nahi izan dute Arteen Artean ekimenaren kari antolatu mahai inguru dinamikoan. Kantu herrikoia zertan da? Edo Euskal kantuaren transmisioaren egoera zein den aztertzeko, 9 gomita desberdinen inguruan solasean aritu dira Baionan. Euskal Kultur erakundea eta kontserbatorioa elkarturik, gogoeta bide anitzak jorratu dituzte parte hartzaile desberdinekin.
Betharrameko ikastetxean gertatutakoaz elkarrizketa gune bat ireki nahi du Louis Joinet justizia eta demokraziarako institutuak. 1970 eta 2000 urteen artean, Biarnon, Betharrameko Notre Dame ikastetxeko ikasleek bortizkeria sexualak, fisikoak eta psikologikoak jasan zituzten. Lehen salaketak Facebook talde baten bidez jakinarazi ziren, eta horrek lekukotasunen biderkatzea eragin zuen. Gaur egun, 110 biktima inguruk pausatu du salaketa, eta oraino, kasu gehiago agertu daitezkeela uste da. Betharrameko kongregazioa «sexu-abusuen eta indarkeria fisikoaren biktimei laguntzeko prest» agertu da Biktimen eta kongregazioaren arteko lehen topaketa urtarrilean izanen da.