6,1 milioi turistek bisitatu dute Ipar Euskal Herria urte hastapenetik. Azken zortzi hilabete hauetan, iaz baino %2 bisitari gutxiago zenbatu dira, bereziki, Lapurdiko kostaldean. Turista gehienek gau bakarra iragaten dute gure artean, eta Baionako besta garaian da jende kopuru handiena hurbildu. Agorrilean 3,5 milioi bisitari ukan ditugu eta maiatzean abantzu bi milioi. Daniel Oltzomendi, Euskal Elkargoko turismo arloko presidenteordearen ustez, agorrileko lehen hamabostaldiaren salbuespenarekin, turismoak ez du tokiko populakuntza trabatzen.
HIESA, hepatitisa edota sexu bidezko infekzioak detektatzeko eta diagnostikatzeko zetro berria ireki dute Donapaleun. Buruilean ireki ditu ateak Amikuzeko CEGIDD egitura berriak, eta asteartero izanen da zabalik. Detektatzeaz harago, prebentzio lana egitea du xede. Horretarako informazioa eskaini eta kontzientziazioan sakontzeko lana eginen du. Zerbitzu guztiak urririk eskaintzen ditu, eta erabat anonimoa da.
Aldak etxebizitza baten alokairuaren igoera ilegala salatu zuen atzo Lehuntzen, herriko auzapezaren sostenguarekin. Alokairua behar litzatekeena baino 111 euro gehiago kostatzea salatu dute. Aldak jasotako informazioen arabera, alokairua 840 eurotik 980 eurora pasa da urtebetez, %16 igo da. Lehuntzeko auzapezarekin batera, Euskal Hirigune Elkargoak botere gehiago izan dezan eskatzen du Aldak. Elkargoak onartutako etxebizitza turistikoen alokairuen mugatzeko neurria etxebizitza guztietara zabaltzea nahi dute.
Baionako karrikako arteen festibala urriaren 16tik 20ra ospatuko da. Lapurdiko hiriburuaren horma, zubi eta eskaileretan, eta bi aste lehenago, Ipar Euskal Herri barnealdeko bi herritara hedatuko da, Sohütara eta Ahurtira. Aurten, antolatzaileek, hamahiru artistei zuri eta beltzez lan egitea proposatu diete. San Izpiritu Zubian, Didam museoan edo Pausa guneko murruetan kokatuko dira obrak. Barnealdean, aldiz, Sohütako Ikastolaren hormetan lanean ariko da LadyBug artista, inklusioa eta parekotasuna gaien inguruko obra bat tindatzeko.
Euskal Herriko azken 50 hamarkadetako historia soziopolitikoa eta kulturala ezagutzeko erreferente da Lazkaoko Beneditarren dokumentazio funtsa. Funtsak orotariko afixa eta pegatinez gain, euskal mugimendu politikoei edota euskal gaiei buruzko ehunka artxibo gordetzen ditu. Juan Jose Agirre Begiristainek sortu zuen, Beneditarren Monasterioko liburuzaina zelarik. Fundazioan laurogeitik goiti bilduma dokumental daude, politikoak, lan munduarekin lotura dutenak, gizarte alorrekoak edota kulturalak. Bertan eskuorriak, barne dokumentazioa, prentsa zatiak edota agiriak atzeman daitezke. Gutxienez, 22.000 afixa eta 25.000 otokolanta gordetzen dituztela neurtzen dute. Miren Barandiaran fundazioko langileak azaldu digunez, azken hamarkadetako «kontakizun ofizialetik at» gelditu den eta «galtzeko lanjerrean» zen historiaren parte hori biltzen entseatu dira, ikerlariek helduleku material bat ukan dezaten beren ikerketen ontzeko.
- Emazte artistek berriz hartuko dute oholtza, Urruñako Emeki festibalean
- Baionako ospitaleko langileek aparkaleku gehiago galdegiten dituzte
- Amaia Fontang: «Kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa. Hori da etorkinen geroa gobernu berriarekin»
- Maule eta Atharratzeko osagarri-etxeak estreinatu dituzte