Baionako ospitaleko 300 bat langile batu dira gaur, Frantzia osoko ospitaletako langileen lan baldintza txarrak salatzeko, astearte honetan. Baionako langileen kasuan, hirugarren mobilizazioa zuten, duela hilabete bat jadanik mobilizatu baitziren, ospitaleko zuzendaritzak 2002an «erauntsitako» 35 orduko tokiko akordioan gibelera egin nahi zuelako. Baina geroztik, negoziazioak blokeaturik segitzen dute. Sindikatuen arabera, «zuzendaritzak engaiamenduak galdetzen dizkie langileei, baina haiek konpromiso oro errefusatzen dituzte».
10.000 euroko isuna Homies Holidays sozietatearentzat eta hiru hilabeteko kondena gibelapenarekin eta 3.000 euroko isuna Julie Hoang zuzendariarentzat. Astearte arratsaldean iragan da epaiketa Baionako auzitegian, zeinetan Alda kolektiboa parte zibil gisa aurkeztu zen. Epaileak prokuradoreak galdegin zigorra baino neurri gogorragoak hartu ditu iruzur horren aitzinean. Iruzurragatik pausatu zuten salaketa alokatzaile batzuek Homies Holidays sozietatearen kontra. Legez kanpoko alokatze kontratuak egin zizkieten, urte bateko kontratua onartuz baina bigarren kontratu bat izenpearaziz, etxea lehenago utziko zutela onartuz.
Suak hartu du astelehen gauean Arberoako ikastola. Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, kutxa elektrikoaren arazo batetik abiatu da sutea. Gaueko 21:30ak irian piztu da sua Donamartirin eta auzo batek eman die deiadarra suhiltzaileei. Ama ikastolaren eraikin prefabrikatua izan da kaltetua, eta erabat kiskali da barne osoa. Bakantzen ondotik haur guztiak hartu ahal izateko eraikinen berrantolaketa eginen dute, eta herriko gela baliatuko dute kantina gisa.
80 bat kamioik parte hartu dute astearte goizeko karakoil operazioan. Feriakariek auto karabana abiatu dute Baionan, Saint Bernard biribilgunetik, zubi gorritik pasatuz eta Jean Dauger zelairantz doaz orain. Jean René Etxegarai auzapezak 2025eko bestak uztail erditsutan finkatu izana salatzen dute, beste besta batzuekin batera gertatzen baitira eta ezingo baitute denetan izan. Hain, zuzen uztail erditsutan, Mont-de-Marsan eta Akizeko bestak ere badira. Oroit, 2025eko bestak uztailaren 16tik 20ra finkatu dituela Baionako auzapezak, ikusiko mobilizazioaren eraginez datak aldatzen dituen herriko etxeak.
Zurak badu geroa. Covid 19 gaitzaren garaian zuraren prezioa bikoiztu bazen, geroztik, abantzu aitzineko preziora itzuli da. Heldu diren urteetan, frantses estatuan 30.000 eraikin berri zurez eraikiko direla diote iragarpenek. Izan ere, geroz eta gehiago ordezkatuko dira zimenta eta metalezko egiturak zurarekin. Horrek, zuraren merkatua %30 emendatuko dutela uste dute. Preseski, Xiberoko Etxebarre herrian plantatu Egitura conception izeneko ikerketa bulegoa sortu du Nicolas Irigoyen arotzak. Bere lanbidea zurezko eraikuntza planoak egitea da, izan teknika tradizionalekin, izan eraikuntza industrialaren maneretan. Gainera, ekaien baliapena bultzatzen du, zuraren berrerabilpena segurtatzeko.
- Ur Apalategi: «Estetikari ez ezik, Roland Barthesen jarduna ere gizarte kezkei lotua zen»
- Gizarte eta lurralde kohesioa erdiesteko ibilbide-orria finkatu du Eusko Ikaskuntzak
- Imanol Pradales, AHT proiektuaz: «Argi daukagu Paris eta Madriletik gertuago egon behar garela»
- Antton Kurutxarri: «Kulturgile amateurren sormen-proiektuak bultzatuko ditu ELKIk»