Roland Barthes zelaigunea ezagutzen dugu Baionan, baina zergatik ezaguna zen frantses literaturaren kritikari hau? Astelehen honetan abiatu den Point de Vue street art festibalak, Ahurtin, omenaldia eginen dio mural batekin. Benjamin Jeanjean artistak sortuko du obra hau, Ahurtin kokatua baita Roland Barthesen hilobia. Zer lotura zuen euskal herriarekin? Zergatik Ahurtin ehortzia da? XX.mendeko Frantses literaturan eragin handia izan duena aipatu digu Ur Apaltegi Baionako unibertsitateko irakasle eta filologoak.
Zer da euskal nortasuna? Duela hamar urte eta orain gauza bera ote da? Gai sakonak landu ditu eusko ikaskuntzak Gasteizen egin duen 19. kongresuan. Bereizten gaituena baino, «elkartzen gaituena» hartu dute lema gisa, eta hortik euskalduntasuna, lurraldetasuna edo ongizatearen gizartea ukan dituzte aipagai hiru egunez. Gaur egungo mundu globalizatuan, euskal nortasun bakar batez hitz egitea zaila dela esplikatu digu Oihana Zamponi Galék. Hiru egunez eraman dituzten gogoeta eta eztabaidetatik bildumak aterako dituzte orain, ondoko hilabete eta urteetako norabideak finkatzeko.
Imanol Pradales eta Jean Rene Etxegarai lehendakariak lehen aldiz bildu dira Baionan, iragan astelehenean. Bi erakundeen arteko lankidetza izan dute hizpide, eta 2019an izenpetu zuten Instituzio Lankidetzarako Memoranduma eguneratzeko engaiamendua hartu dute. Bi erakundeek elkarrekin landu dituzten proiektuen artean dira, besteak beste, Hendaiako Euskotren geltokia, Euskal Sagardoa sor-marka, Frantziako Tourraren abiatzea eta euskal diasporaren eguna lehen aldiz Ipar Euskal Herrian antolatzea. Migrazio, mugikortasun edota hizkuntza politiketan ados agertu badira ere, ikuspegi desberdinak erakutsi dituzte abiadura handiko trenbidearen proiektuarekiko. hala ere, adosmen batera iristeko prest agertu dira.
ELKI arte eta kultur praktika amateurren aldeko deialdia da. Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskal Kultur Erakundeak abiatu dute amateurren sormen proiektuak laguntzeko dispositibo berri hau. Laguntza horren bidez sortzaile berriek profesional baten edo gehiagoren laguntza finantzatzen ahalko du. Izan ere, diru laguntzak profesional hauen ordainsariak ordinduko ditu, bereziki euskarazko edo okzitanierazko proiektuen garatzeko. Lankidetza bikoitz horren bidez, gainera, laguntza teknikoa eskainiko zaio sormen-proiektu berriei.
Amagoia Mujika Berria kazetako zuzendaria eta Atef Abu Saif palestinarra izan dira Euskal Irratietako mikrofonoetan. Abu Saif, Palestinako idazle bat da eta ministro izana da. Gazan harrapatu zuten iragan urteko urriaren 7ko gertakariek, eta bertan izan zen abendura arte. Han ikusitakoak eguneroko batean idatzi zituen Gazaren bihotzetik, eta Berriak euskarara itzuli zuen. Orain Euskal Herrian da Atef Abu Saif, bere artikuluez gain, liburu bat ere argitaratu baitu Euskal herriko euskaldunen egunkariak.
- 30 gazte trebatzen ari da Baionako Aviron, bere formakuntza zentro berrian
- Iurre Bidegain: «Alexis Juret da bere emazte Laure Zacchelloren desagerpena argitu dezakeen bakarra»
- Baxoko ahozkoa euskaraz egiteagatik ikerketa abiatu du Bordeleko Akademiak
- Otsailean ukanen dute auzia Marieniari loturik atzo atxilotu hiru pertsonek