30 gazte trebatzen ari da Baionako Aviron, bere formakuntza zentro berrian

Formakuntzan indarrak ematen ari da Baionako Avironeko errugbi taldea. 30 gaztek errugbia eta eskola uztartzen dituzte Baionako Campus formakuntza zentroan. 16 eta 22 urte bitartekoak dira. Batzuek geroko helburua dute lehen taldearekin jokatzea. Beste batzuk hortik aterako dira azpiko mailetan ari diren Donibane Lohitzune, Angelu edo Maule bezalako taldeekin aritzeko. Horrez gain, formakuntza zentroan izan gabe, 18 eta 21 urteko beste hogei bat gaztek Esperantza mailan ere jokatzen dutela jakin behar da.

Iurre Bidegain: «Alexis Juret da bere emazte Laure Zacchelloren desagerpena argitu dezakeen bakarra»

Ostiral honetan epailearen aitzinetik pasako da Alexis Juret, gaur egun Mont-de-Marsaneko espetxean den gizona, Urruñan, bere emaztea hil eta gorpua desagerrarazteagatik duela hiru hilabete pasatxo. Laure Zacchellok 43 urte zituen, eta ekainaren 21ean ikusi zuten azken aldiz Urruñan berean. Geroztik ez da bere berririk eta bere gorpua ere ez da nehon agertu.

Baxoko ahozkoa euskaraz egiteagatik ikerketa abiatu du Bordeleko Akademiak

Ikerketa bat abiatu du Bordeleko errektoretzak baxoko ahozko proba euskaraz burutu izanagatik. Ez da xehetasunik eman instrukzioaz, baina ikerketa horren ondorioz kondenak izan daitezkeela jakinarazi du errektoretzak. Oroit, ekimen horren bidez hezkuntza sare ezberdinetako ehun bat irakaslek ikasleei ahozko proba euskaraz erantzuteko aukera eskaini zietela. Euskaraldian baliaturiko txapa erakutsirik, ikasleek ahozkoaren parte bat edo, zonbait kasutan, proba osoan euskaraz egin ahal izan zuten.

Otsailean ukanen dute auzia Marieniari loturik atzo atxilotu hiru pertsonek

Goizean Filipe Laskarai eta Benjamin Charron jendarmeriara eramanak izan dira, joan den apirilean Marieniako lurren aldeko protesta baten bidez Kanboko kontseilua oztopatzea leporaturik. Uztaritzeko elkarretaratzearen ondotik beste pertsona bat atxilotu zuten jendarmek, Itsasuko gazte bat. Azkenean, denak libre utzi zituzten, kargupean, 6:30 orenak irian. Atzo arratsean 250 pertsona inguru bildu ziren ere Kanboko herriko etxe aitzinean deitua zen elkarretaratzean. Epaiketa otsailaren 11n izanen da.

Mikel Aramendi: «Israelek Gaza suntsitu du, baina bere helburu estrategikoak ez ditu lortu»

Ororen buru, Iranek Israel bonbardatu du. Berrehun misil inguruko erasoak Hamas eta Hezbollahko hiru buruzagiren hilketak mendekatu nahi zituen. Erasoa bururatutzat eman du Iranek, eta israeldarrei ohartarazi die ihardetsiz gero berriz eginen diola eraso. Nolanahi ere, Israelgo armadak jada argitu du «mendekua» hartuko dutela.