Transmisio sexualeko eritasunak detektatzeko zentro berri bat Donapaleun

HIESA, hepatitisa edota sexu bidezko infekzioak detektatzeko eta diagnostikatzeko zetro berria ireki dute Donapaleun. Buruilean ireki ditu ateak Amikuzeko CEGIDD egitura berriak, eta asteartero izanen da zabalik. Detektatzeaz harago, prebentzio lana egitea du xede. Horretarako informazioa eskaini eta kontzientziazioan sakontzeko lana eginen du. Zerbitzu guztiak urririk eskaintzen ditu, eta erabat anonimoa da.

Legez kanpoko alokairu kariotze bat seinalatu du Aldak, Lehuntzen

Aldak etxebizitza baten alokairuaren igoera ilegala salatu zuen atzo Lehuntzen, herriko auzapezaren sostenguarekin. Alokairua behar litzatekeena baino 111 euro gehiago kostatzea salatu dute. Aldak jasotako informazioen arabera, alokairua 840 eurotik 980 eurora pasa da urtebetez, %16 igo da. Lehuntzeko auzapezarekin batera, Euskal Hirigune Elkargoak botere gehiago izan dezan eskatzen du Aldak. Elkargoak onartutako etxebizitza turistikoen alokairuen mugatzeko neurria etxebizitza guztietara zabaltzea nahi dute.

Sohüta eta Ahurtira iritsiko da karrikako artea, Point de Vue festibalaren eskutik

Baionako karrikako arteen festibala urriaren 16tik 20ra ospatuko da. Lapurdiko hiriburuaren horma, zubi eta eskaileretan, eta bi aste lehenago, Ipar Euskal Herri barnealdeko bi herritara hedatuko da, Sohütara eta Ahurtira. Aurten, antolatzaileek, hamahiru artistei zuri eta beltzez lan egitea proposatu diete. San Izpiritu Zubian, Didam museoan edo Pausa guneko murruetan kokatuko dira obrak. Barnealdean, aldiz, Sohütako Ikastolaren hormetan lanean ariko da LadyBug artista, inklusioa eta parekotasuna gaien inguruko obra bat tindatzeko.

Miren Barandiaran: «Historia ofizialetik at gelditu den material asko dugu Lazkaoko artxibategian»

Euskal Herriko azken 50 hamarkadetako historia soziopolitikoa eta kulturala ezagutzeko erreferente da Lazkaoko Beneditarren dokumentazio funtsa. Funtsak orotariko afixa eta pegatinez gain, euskal mugimendu politikoei edota euskal gaiei buruzko ehunka artxibo gordetzen ditu. Juan Jose Agirre Begiristainek sortu zuen, Beneditarren Monasterioko liburuzaina zelarik. Fundazioan laurogeitik goiti bilduma dokumental daude, politikoak, lan munduarekin lotura dutenak, gizarte alorrekoak edota kulturalak. Bertan eskuorriak, barne dokumentazioa, prentsa zatiak edota agiriak atzeman daitezke. Gutxienez, 22.000 afixa eta 25.000 otokolanta gordetzen dituztela neurtzen dute. Miren Barandiaran fundazioko langileak azaldu digunez, azken hamarkadetako «kontakizun ofizialetik at» gelditu den eta «galtzeko lanjerrean» zen historiaren parte hori biltzen entseatu dira, ikerlariek helduleku material bat ukan dezaten beren ikerketen ontzeko.

Emazte artistek berriz hartuko dute oholtza, Urruñako Emeki festibalean

Lehen edizioaren arrakastaren ondotik, Emeki festibala berriz heldu da bere bigarren edizioa ospatzera asteburu honetan. Urruñako herriko etxeak antolaturik, bi eguneko festibala emazteei dedikatua da, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko artista ainitzen talentua agerian ezartzeko xedea du. Musika estilo guztietako programazio anitza eskainiko da. Berrikuntza batekin aurten: dantza ere ohoretan ezarria izanen da Donibane-Lohitzuneko Begiraleak taldeko neskekin. Festibala arratsaldeko 16:00tan hasiko da larunbatean, urririk.