Iaz antolatutako lehen edizioan, Ziburuko hiriak 1.000 lagun bildu zituen pilota plazan Lur eta itsaso afaria kari, Idokirekin eta Pleine Mer elkartearen adiskideak diren arrantzaleekin elkarlanean antolaturik. Arrakasta honen ondorioz, hiriak ekitaldia berriz antolatuko du datorren Uztailaren 19an, etxaldeetako ekoizleak eta tokiko arrantzaleak ohoretan ezartzeko. Bigarren aldikotz antolatzen duen ekintza honen bitartez, Ziburuko hiriak tokiko kontsumo iraunkorra bultzatzeko eta sustatzeko xedea du. Animazioak ere eskainiko dira: Patxi eta Konpainia taldeak mutxikoak emanen ditu eta haurrentzako animazioak izanen dira ere Sarde-Sardexka elkartearen eskutik. Ingurumenaren alde ere, bakoitzak bere mahain-tresneria (sardeska, labana etab.) errekomendatzen du herriko etxeak, hondakinen murrizteko.
Asteazken honetan irekiko dira Baionako bestak usaian baino goizago, bai egutegian bai tenorean. Gisa berean, Patxa plazako besta alternatiboak arratseko 6etan abiatuko dira. Aurten ere bestaren eredu euskaldun, feminista eta herrikoia sustatu nahi izan dute Gaztetxeko kideek. Horrez gain, parte hartu dute « 2032 kolektiboarekin » eraman den lanketan herriko etxearekin.

Jon Casenave Euskaltzain oso izendatu berri du Euskaltzaindiak, Beñat Oihartzabalen tokia hartuko du unibertsitateko literaturako irakasle erretretadunak. Casenaveren izendapenarekin, Euskaltzaindiaren historian, ehungarren euskaltzain osoa izanen da.
Joan den astean, Ainizan etxaldeetako lana aipagai izan dute laborariek laborantxa ganbarak antolatu duen seminarioan. Erran behar da geroz eta gehiago presente dela lan zamaren txikitzeko eztabaida. Horretarako, lan ardatz desberdinak jorratu dituzte.
Bigarren itzulian %72,15eko parte hartzea izan zen Hego Lapurdiko bozka eremuan, lehen itzulian baina puntu eta erdi goragoa. Fronte Popular Berriak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27.117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Dufauk 5468 bozka gehiago bildu ditu lehen itzuliarekin konparatuz.