Beskoitzeko ikastolaren garapena ez dezala oztopatu galdegin diote herriko etxeari

Korapiloa tinkatzen da Beskoitzeko Ikastolako guraso eta Herriko etxearen artean. Joan den hilabetean jakin zuten gurasoek herriko etxeak ez zuela onartzen ikastola handitzeko eraikitzeko baimena. Bere erranetan, ikastolak ez luke baimena pausatzeko ahalmenik. Gurasoen erranetan, «ikastola prefabrikatuena ustel dadin nahi du herriko etxeak». Oroit, aurten 52 haurrekin egin duela sartzea ikastolak, eta hamar urte direla etxe prefabrikatuetan instalatua dela. Herriaren lurretan instalatzeko adostasuna lortu zuen iaz.

Konpon Txoko birziklategia Baionako Forum gunera lekualdatu da

Konpon Txoko birziklategi eta konponketa guneak lekuz eta tamainaz aldatu du. Baionako herriko etxearen aitzinkontu parte hartzailearen bigarren lekua irabazi ondoan, proiektu horrek 50.000 euroko laguntza bildu du. Horri esker, Baionako Forum gunera lekualdatu da, 350 metro karratuko eraikin batera. Oraindik bere aktibitate osoa berrabiatu ez duen arren, Konpon Txokok altzari profesionalak berreskuratu, eta berriz saltzea du xedea.Egitasmoa laguntzaileen lanari esker bizi da, eta gaur egun, mila harpidetu inguru ditu.

Pilota: Binakako txapelketa gisa heldu da Eskulari Pro lehiaketa

Zortzi pilotari izanen dira parez-pare aurtengo Eskulari Pro berezkoen txapelketan, lau bikotetan sailkaturik. Urriaren 4tik 7ra iraganen da lehiaketa, Milafrangako Oihan Bazter trinketean. Lehen bi finalerdiak urriaren 4an jokatuko dira. Lehenik Darmendrail - Ducassou eta Lambert - Etxeberri bikoteak lehiatuko dira, eta ondotik Bideondo - Gixandut eta Iphar - Ospital. Finala urriaren 7an izanen da.

AESH haur elbarrituen laguntzaileak greban ziren astearte honetan

Ahalmen urriko ikasleak laguntzen dituzten langileen egoera prekarioa mahai gainean ezarri dute FO, FSU, CGT eta Sud sindikatuek. Frantses Gobernuak AESH langileen egoera hobetzeko neurririk ez duela proposatzen salatu dute. Ikasturte hastapenetik, CDI kontratu mugagabeak izenpetzeko aukera ireki zaie lehen aldiz, baina haien lan partziala eta hilabete sari murritza ez da aldatzen. Oro har, 800 eta 1000 euro arteko lansaria dute, 24 eta 29 oren arteko kontratuekin. Funtzionario estatutua eta beraz tituludun izatea galdegiten dute. Sindikatuek haien eskakizunak aldarrikatu dituzte asteartean, Baionako ikuskaritzaren atarian.

Bihartean merkataritza ganbarako koordinatzaile izendatu dute Joan Blanco

Bihartean, mugaz gaindiko merkataritza ganbarak koordinatzaile berria du. 2010ean sortua, Biharteanek Nafarroa, Gipuzkoa eta Baionako merkataritza ganbarak biltzen ditu. Orain, Joan Blancok kudeatuko du hiru lurraldeen arteko harremana. Helburua du hiru eskualdeetako enpresen arteko harremanak indartzea eta haien arteko aholkularitza egitea. Sortu zenetik 500 enpresa lagundu ditu. Joan Blanco izan da gure Goiz Berri saioko gomita.