Aste hau euskaldunen «Harrotze Astea» izateko deia egin du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak Harrotze Astea abiatu du. Aste horren helburua, Euskal Herri osoko karriketako seinaleetan euskarak galdu duen presentzia salatzea da. Ipar Euskal Herrian hiru talde ditu euskararen aldeko mugimendu horrek Urruñan, Azkainen eta Senperen. Harrotze astearen barnean mintzaldi eta ekitaldi bat eskainiko dute ostiral honetan Beskoitzeko Ikastolan, eta apirilaren 28an Independentziaren aldarria plazaratuko dute Baigorriko Nafarroaren Egunean.

Pirinioetako ahuntz arraza biziberritzeko parioa Ipar Euskal Herrian

Hemengo ahuntz arraza ezagutaraztea da Ahuntz Pirenaika elkartearen xedea. 80 hamarkadan abantzu desagertu zen eta duela hiru urte sortu zuten hamar hazlek elkartea, Euskal herriko Laborantza Ganbararen laguntzarekin. Hasi da haragitarako pittiken sasoia, eta hazleek tokiko arraza balioan eman nahi lukete. Frantses estatu osoan Pirinioetako 5000 ahuntz inguru gelditzen dira, gehienak Euskal Herriko eta Biarnoko berrehun etxaldetan.

Akordio berri bat SNCFn, erretreten erreformaren ondorioak «mugatzeko»

CGT, UNSA, CFDT eta SudRail sindikatuek akordioa lortu dute SNCFeko zuzendaritzarekin, erretretaren erreformaren zati bat saihesteko. Horrekin, erretreta sistema berezia mantentzen dute. Langileek aukera izanen dute lehenago lana uztea, 15 hilabete lehenago, eta lan sariaren %75 eskuratzea. Akordio horri esker maiatzean aitzinikusia zen greba mugimendua ez da gertatuko.

Johañe Etxebest: «Euskararen irakaskuntza, euskal kulturaren transmisioarekin lotu nahi dugu»

Transmisioan indar haboro ezarri nahi du Euskal Kultur Erakundeak . Berriki egin duen biltzar nagusian ondoko urteetako lehentasunak aurkeztu dituzte. Transmisioaren alor horretan sakontzeko langile berri bat hartuko dutela erabaki dute, besteak beste. Urtez urte, gero eta elkarte haborok parte hartzen dute euskal kultura indartzeko erakundearen barnean. Orotara 230 elkartek dute nolabaiteko lotura EKErekin, eta horietarik 50 aurten sartu dira. Horrez gain, iaz hirurehun bat hitzordu babestu ditu.

Ehun gailur, Euskal Mendi Federazioaren mendeurrena ospatzeko

Larunbatean 100 mendi iganen dira Euskal mendizale federazioaren 100 urteen kari. Ipar Euskal Herrian berean Orhi, Artzamendi, Okabe eta Irati iganen dira. Federazioaren besta nagusia maiatzaren 18an ospatuko da Elgetan, baina urte osoan zehar hainbat hitzordu antolatzen dituzte, hala nola, apirilaren 27an. Iparraldeko nehor ez bada federazioaren kide, ipar eta hegoaldekoak elkar juntatzeko helburua berpizten ari da.