Euskal kulturaren folklorizazioa agerian emanen da Nafarroaren egunean. Aurten Nafarroaren Eguna apirilaren 28an iraganen da, eta Joxean Artze idazlearen hitz batzuk hartu dituzte lelotzat aurtengo ediziorako: «Iturri zaharretatik edaten dut/ beti berria den ura». Marketinean, euskal kulturaren erabilpena salatu nahi izan dute. Bestalde, aurten ere Kulturaldia ostiral honetan abiatuko da maiatzaren lehena arte liburu aurkezpenez, hitzaldi, ikusgarriz, kontzertuz, poesiaz betea izanen dena. Horrez gain, Euskal Herria Eguna berreskuratuko dute aurten: apirilaren 20an eginen dute, euskal herritarren arteko harremanak bultzatzea xede. Laguntzaileak behar dituzte, eta horretarako Basaizea elkarteko sareetan izena eman daiteke eta autobusentzat txartelak webgunean hartzen ahal dira.
Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira. Badu bi urte pantailak euskaraz ekimeneko kideak ari direla srteaming plataformetan euskarazko edukien sorrera bultzatzen, izan audio formatuan edo azpitituluen bidez. Amazon Prime plataforman eta Espainiako Netflix plataformetan lortu izan zuten filma batzuk euskarara bikoiztuak izatea, baina ez frantses estatuan. Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzari esker, ordea, Netflix Franceko ordezkarien onarpena erdietsi dute. Hemendik goiti, euskarazko 28 ekoizpen ikusi daitezke sarean, eta beste 177 euskarazko azpitituluekin.
Frantziako legebiltzarrean PFAL kutsatzaile iraunkorren debekua eztabaidatze ari dira ostegun honetan. Enpresa anitzek baliatzen dituzte substantzia horiek. Hori da, besteak beste, Tarnos eta Hondarribian lantegiak dituen Tefalen kasua. Bere sukalde tresnengatik ezaguna den enpresa honek, begi txarrez ikusten du lege proposamena. Markaren arabera, 20.000 lanpostu dira jokoan Europa osoan. Nolanahi ere, ikerketa anitzek erakutsi dute substantzia hori duten sukalde tresnen baliapenak minbizia eragin dezaketela erabiltzaileari.
Bakegileak "pozik" agertu dira Parisko Gortean zabaldu duten mezuagatik. Anaiz Funosas Bakegileen bozeramaileak adierazi duenez, "Luhusoko ekimenak ahalbidetu zuen blokeatua zen desarmatzearen auzia" eta hori frogatzea zuten xede Jean Noël “Txetx” Etxeberri eta Béatrice Molle-Haranen auzian. Lekukoen testigantzak izan dira auziko hitzartze esanguratsuenak, horien artean Matthias Felk Frantziako barne ministro frantsesarena, eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ohiarena.
Goizegi sortzen diren ninien artatzea hobetzea xede, NIDCAP izeneko dispositboa sortu zen duela sei urte, Baionako ospitaleko neonatologia sailean. 90. hamarkadan Amerikako Estatu Batuetatik etorri praktika horri esker, haurraren beharra eta burasoen rola berriz zentroan jartzen dituzte osasun langileek. Baionako ospitalean hiru erizain formatu dira NIDCAP egitasmoan aritzeko, baina zerbitzu guziaren lan egiteko manera aldatu dute.