Memoria historikoa berreskuratzeko 53 kilometroko erronka berri bat Iruñeko Ezkaba mendi kaskotik Urepelera. La Fuga mendi lasterketaren lehen edizioa aurkeztu dute Antsoainen (Nafarroa) antolatzaileek eta hainbat herritako auzapezek, horien artean Xole Aire Urepeleko auzapeza. Lasterkaldi horrek gertakari berezi bat oroitu nahi du: Ezkabako gotorlekuko ihesaldi handia. 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako presondegi frankistatik 795 presok ihes egin zuten. Horietarik bakarrik hiruk erdietsi zuten muga trabeskatzea Urepeletik. Frankistek iheslariak gogor zigortu zituzten, 206 hil zituzten eta beste 586ak baldintza ezin latzagoetan presondegiratu zituzten. Lasterketa maiatzaren 18an abiatuko da Ezkaba mendiaren gailurrean izanen, eta Antsoaingo udalaren webgunean izenak eman daitezke.
Gaskoiera lehen aldiz entzunen da pastoral batean. Euskararekin batera baliatuko dute okzitanieraren aldaera hau, Inesa de Gaxen pastoralean. Xarnegun bi hizkuntzek duten presentzia historikoa islatu nahi izan dute horrela. Itxaro Bordak idatzi ditu pastoraleko gidoia, eta parte hartzaile bakoitza ari da emeki emeki rola ongi bereganatzen. Bi igandetik behin elkartzen dira errepikentzat. Inesa de Gaxen pastorala Bastidan emanen dute ekainaren 15 eta 16an eta ondotik Bardozen irailaren 21 eta 22an.
Gizarte segurantzaren «diruztatzeko» legearen alde bozkatu du Florence Lasserre diputatu eskuindar kontserbadoreak. Horren salatzera hurbildu dira astelehen goizean CGT sindikatuko 50 bat erretretadun haren Angeluko bulego iraunkorraren aitzinera. Apirilean plantan jarri den lege horren helburua da gizarte segurantzaren gastuen apaltzea. Erretretadunen arabera, erremedioen eta mediku bisitetan dispentsa bikoiztea eraginen du lege berri horrek. Heldu den ostiralean Max Brisson senatariaren egoitzara hurbilduko dira ere, aldarrikapen berdinarekin.
EH Bildu eta EAJren arteko berdinketa atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bozetan Gasteizko legebiltzarreko hauteskundeetan. Bozka kopuruari dagokionez EAJk zuen kopuru handiena bildu, baina 27 legebiltzarkide izanen dituzte eskuindarrek, orain arte baina lau gutiago, eta 27 ere ezkertiar abertzaleek, sei gehiago. Batek ere ez du bere kabuz gobernua osatzeko kopurua erdietsi, eta PSE ezinbestekoa izanen da agintaldirako koalizio bat erdiesteko, azken lau urteetan bezala: 39 biltzarkiderekin gehiengoa izanen dute EAJk eta PSEk.