Donibane Lohizuneko Adam denda blokatu dute Olha etxaldeko okupatzaileek

Donibane Lohizuneko Adam makarroi dendak blokeatu zituzten asteartean Senpereko Olha etxaldearen salmenta salatzeko. Etxaldea saldua izan bada ere, salmenta espekulatiboa izan dela salatzen dute eta atzo etxaldearen eroslea den Adam gozotegiko sartzea bi oren eta erdiz blokeatu zuten protesta modura.

Udatiar gazte bat ito da asteburuan Gixuneko lakuan

Lehen aldia da Gixuneko lakuan horrelako ezbehar bat gertatzen dela. Sei hektarea ditu laku horrek, eta uraren sakontasuna 35 metroetara heltzen da. Lakuaren bazter batean hondartza gune bat dago, Base Pop aisialdi-guneko hogei langilek zaintzen dutena. Haatik, bainulari gaztea zaintza eremutik kanpo bainatzen ari zen. Senpereko lakuan ere, hiru hildako izan dira azken hamar urteetan. Egun jendetsuenetan, bostehun bainulari izan daitezke Lapurdiko aintzria ezagun horretan, eta bi soroslek dute bisitari guzien segurtasuna zaintzeko ardura.

TOP14-ko sasoia abiatuko du Baionako Avironek, ostiralean

Sasoiko lehen partida Okzitaniako Tolosaren kontra jokatuko du etxean Avironek, agorrilaren 18an. Aurten, ordea, Munduko Errugbi Txapelketak, baionesen egutegia baldintzatuko du. Izan ere, irailaren 8tik urriaren 28ra ez da TOP14 txapelketako partidarik jokatuko, bi hilabeteko atsedenaldia eginez. Baldintza hauetan, nolako sasoia egin dezake Avironek? Zer dira aurtengo berritasunak? Galdera horiexek pausatu dizkiogu Asier Altuna, Baionako Avironeko jokolari ohi eta zaletu sutsuari:

Laborantza asteburua iragan da Barkoxen

Barkoxen laborantza asteburua antolatu dute iragan asteburuan. Egitarau oparoa prestatu dute Barkoxe Bizi elkarteko kideek: antzerkia, etxaldeen bisita, mozkin jastaketa, mintzaldiak eta eztabaida. Herriko eta inguruetako herritar ainitz hurbildu dira Xiberoako herri honetako plazara. Antzerkian laborantzaren ikuspegi ezberdinak jorratu dira, eta mezu frango pasarazi dituzte umorea baliatuz.

Espainiako Parlamentuan diputatu independentistek ukanen dute gakoa

Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 28an iragan baziren ere, oraindik ez da argi gobernua nork osatuko duen. Hauteskundeak PP alderdiko Alberto Nuñez Feijo eskuindarrak irabazi bazituen ere, ez zuen gehiengo osorik erdietsi, ezta eskuin muturreko diputatuekin batuz ere ez. Aldiz, PSOE alderdiko Pedro Sanchezek aukerak ukanen ditu, Katalunia eta Euskal Herriko aalderdi independentista ororen babesa erdiesten badu. Kataluniako Junts per Catalunya alderdiak amnistia eta autodeterminazio erreferenduma galdegiten ditu bere babesaren truke. Laura Borras Junts-eko presidentea mintzarazi dugu Euskal Irratietan.