Lantegi berria estreinatuko du Alki kooperatibak agorrilean Larresoron. Gune berriak 10.000 metro karratu ukanen ditu, eta langile taldea bikoiztea ahalbidetuko die. Egun, berrogei langile dira eta 80 enplegatu nahi lituzkete. Horrela, ekoizpenaren heina ere biderkatu nahi lukete, frantses merkatutik nazioarteko jauzi egiteko. Akitania Berriko eskualdeak 500.000 eurorekin lagundu du kooperatibaren hazkunde xedea. Sos zama horrek Larresoroko lantegi berriaren tresneria finantzatzeko baliatuko du kooperatibak.
Sorkuntza euskaraz bultzatzeko idazketa lehiaketak loratzen ari dira. Sormena, hizkuntza edo narrazioa lantzeko ariketa bikaina gazteentzat eta bizipenak kontatzeko aukera helduentzat. Hiru lehiaketa bidean dira momentuan. Batetik Le Basque et la Plume, literatura lehiaketaren bigarren edizioa, aurten ere Baionako besten inguruan. Bigarrenik, Korrikaren kari AEKk antolatu duen Paperezko bizitzak ipuin-lehiaketa. Euskara urririk ikasteko eskubidearen gaia jorratu beharko dute idazleek lehiaketa horretan. Eta hirugarrenik, Kanboko mediatekak kirolak eta jokoak gai harturik eleberri labur bat idaztea proposatzen die hamabi eta hamalau urte arteko gazteei.
Asteburu honetan, bi hitzaldi antolatuak dira Europako migrazio politikaren gaia ardatz dutenak. Etorkin kopuruaren igotzearen aitzinean Europaren posizionamendua eta erabakiak aipatuko dira, asilo galdearen kudeaketa eta kopuruaren emendatzea eta beste hainbat puntu aipatuko dira. Hitzaldi horretan, Tania Racho Europako zuzenbidean doktoretza eta Desinfox-Migrations sareko kidea izanen da, Pernando Barrena EH Bilduko Eurodiputatu ohia eta Damien Careme eurodiputatua izanen dira gomitak. Hitzordua, ostiralean Donapaleuko gela berdean arratseko 20:30etan eta larunbatean, Baionako Zizpa Gaztetxean 9:30etan.
Baigura inguruko laborarien lan zama apaltzeko, langile partekatuak. Azken asteetan Gure Gain elkarteak inkesta bat gauzatu du Baigurako zortzi herrietako 340 etxaldeen beharrak identifikatzeko. Lan zama handiegia nabarmendu dute laborariek, baita langile gehigarriak hartzeko ezintasuna ere. Hori dela, bospasei etxaldek langile partekatu bat hartzeko aukera aztertzen ari dira Gure Gain elkarteak. Otsail hastapenean abiatu dute lanketa gai zehatz horren inguruan, eta lan bilkurak abiatuko dituzte aurki. Gure Gain elkartea duela hamar hilabete aurkeztu zuten Bidarrain, Baigura inguruko zortzi herrietako mendiko lurrak kudeatu eta laborantza jarduera laguntzeko.
Mugaz gaindiko herritarren diagnostikoa egin nahi du Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Nafarroako CEDERNA-GARALUR erakundeak. Bederatzi tailer antolatu dituzte lekuko erronkak atzeman eta geroari buruzko hausnarketa eraikitzaile bat plantan emateko. Urepelen, Orbaitzetan eta Izaban egin dituzte lehen tailerrak azaroan, eta heldu diren asteetan, Baztan-Baigorri-Bidarrai-Itsasu, Xareta-Baztan, Bidasoa-Bortziriak-Azkaine-Urruña-Biriatu eskualdeetan ezarriko dute begirada. Hitzordu bakoitzean, artista bat ere gonbidatuko dute, parte hartzaileen gogoetak sorkuntza baten bidez irudikatzeko. Horrez gain, ikus-entzunezkoa ere baliatuko da, Kanalduderekin eta Euskal irratiekin eraman partaidetza baten bidez.