Lantegi berriak eraikitzeko lur publikoak alokatu nahi ditu Elkargoak

Lantegi berriak sortzeko lur eskasiari buru egin nahi dio Euskal Hirigune Elkargoak. Horretarako dispositibo berri baten esperimentazioa gauzatzen ari da. 'Eraikuntzarako alokairua' deitu diote, eta haren bidez, agro-elikadurako Bihur enpresari 50 urteko alokairu kontratua proposatu diote Aiherrako aktibitate eremuan. Hondarkin organikoak berreabiltzen dituen enpresa horrek bertan eraikiko du bere eraikina, eta lurra alokairuan izanik ere, egoitzaren jabetza beretzat atxikiko du.

Radon gasa neurtzeko neurgailuak proposatuko ditu CPIEk

Usain eta kolore gabeko gas erradioaktiboa da radona. Jatorri naturalekoa da, eta oro har, ez du lanjer handirik eragiten. Haatik, batzuetan etxeetan metatu daiteke eta orduan, barneetako aire-kalitatea kutsatu dezake, eta kasu ematen ez bada, birikako minbiziak sorrarazi ditzake. Ipar Euskal Herrian, hamabi herrietan agertzen da gas erradioaktibo hau manera aski azkarrean: Baxe Nafarroan Lasan, Uharte Garazin, Arnegin, Hoztan, Donaixtin, Arrosan eta Ortzaizen; Lapurdin Urruñan, Biriatun, Saran eta Ezpeletan; eta Xiberoan, Santa Grazin. Hori dela eta, CPIE ingurumen zentroak radona neurtzeko dosimetro eta neurgailuak proposatuko dizkie herri horietako biztanleei. Ingurumen zentroaren egoitzetan eskuratu daitezke baliabide horiek.

Gabi Mouesca: «Didier Laffiten etsenpluak erakusten digu lorpenak erdiesteko borrokan sartu behar dela»

Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta tiroa egin zuen polizia errugabetua. Lau hamarkada iraganik, Didier Lafitten memoria berreskuratuko dute haren lagunek. Otsailaren 26tik martxoaren 3ra aste beteko omenaldia antolatu dute zine-eztabaida eta mahai-inguruekin. Martxoaren hiruan, aldiz, Arrantzale Maitagarri eguna antolatu dute Donibane Lohizunen.

Otsailean 600 etorkin lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Etorkinen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean bakarrik 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80 pertsona, hain zuzen. Horietatik anitz Irunera arribatuko dira Irunera, Europa iparraldera beren bidaia segitzeko. Haatik, espainiar eta frantses polizien mehatxu azkarra jan beharko dute mugan.

Marie Christine Elizondo: «Hazitik sukaldera, elikagaiak nola ekoizten diren landuko dugu Tokiko Elikadura Osasuntsuaren astean»

Urruñako Tokiko Elikadura Osasuntsuaren asteak bigarren edizioa ukanen du. Elikagaiek «hazitik, sukaldera» egiten duten bidea ikustarazi nahi du ekimen horrekin Urruñako herriko etxeak. Martxoaren 11etik 16rako astean eskolek ezagutza eta sentsibilizazio tailerretan parte hartuko dute, eta GEUZ egiturako kideek tokiko eta sasoiko menu bat prestatuko dute. Horrez gain, hainbat mahai inguru izanen dira eta bi dokumental proiektatuko dituzte besteak beste. 2025erako sukalde zentralizatu bat sortzeko proiektua du Urruñako herriko etxeak, eskoletako jantegietan tokiko ekoizpenak baliatzeko, baita adineko herritarrei etxez etxeko apairu banaketa proposatzeko ere.