Ikasgela bakarrean, 32 ikasle. Heldu den ikasturtean, Atharratzeko kolegioko bi geletako bat hestea deliberatu du Akademiako ikuskaritzak. Neurria ez da kolegioko ikasle, guraso eta langileen gogoko izan. Hori dela eta, haien kexua erakutsi dute ostegun honetan elkarretaratze batekin. Tokiko hautetsien babesarekin, gutuna igorriko diete ikuskaritzako arduradunei gela horren hestea bertan behera utzi dezaten. Anartean, mobilizazio gehiago eginen dituztela iragarri dute.
Euskal lurraldea irudikatzen duten 1.200 kartografia bildu ditu Bilketa.eus egitasmoak. Azken milurte erdian ekoitziak izan diren dokumentu horien bidez, Euskal Herriaren historia lantzeko parada izanen du erabiltzaileak. Izan ere, gure historiako zenbait pasarte biltzeaz gain, toponimia edota etxeen izenak nola aldatu diren ikus daiteke, baita antzinako garaietako euskalkien hedapena eta gotorleku zaharren eraikuntza lanak ere.
Baionak badu euskara sustatzeko plan bat, lau urteko berantarekin. Sei urteko ikuspegia duen plana onartu du Baionako herriko etxeak joan den astean. Hiru orientabide nagusi ditu, gazteengana euskara hedatzea, euskara Baionako karriketan biziaraztea eta haren presentzia indartzea. Euskara zerbitzuko teknikarien kostutik aparte, 500.000 euroko aitzinkontua onartu dute 2024 urterako. Oposizioko hautetsi batzuek euskara teknikarien kopuru txikiegiaz ohartarazi dute, Baionako hirian bi bakarrik baitira. Euskararen eragileak, pozik baina zuhur egonen dira, plana nola gauzatuko den ikusi arte.
Israelek militarki kontrolatzen ez duen muga trabeskatu du berriki EITB hedabideko kazetari talde batek. Erronka zaila, jakinez atzerriko hedabideek galarazia dutela Palestinara hurbiltzea. Israelek Gazaren kontrako ofentsiba militarra abiatu zuenetik, abantsu 30 mila hildako izan dira. Al Arif hiriko ospitalean izan dira ere euskal telebistako kazetariak, eta bonbardaketen ondorioz zauritutako haurren errealitate gordina ikusi dute bertan. Kazetari horien artean zen Ane Irazabal. Azaldu duenez: «Netanyahuk argiki Rafahko hiria eskuratu nahi du, Egiptoren menpe den pasabide horren kontrola eskuratzeko».
Eusko Ikaskuntzaren musika sariak eskuratu dituzte Eñaut Etxamendik eta Maider Martineauk. Lehenak ohorezko saria ukan du kantagintzan izan duen ibilbide eredugarriarentzat, eta bigarrenak, gazte saria. Maider Martineau musikari anitza da, trikitixan eta euskal akordeoi diatonikoan berezitua. Donibane Lohizuneko hiriak eta Eusko Ikaskuntzak eskuz esku banatu dituzte sari hauek.
- Cynthia Lamothe: «Euskal Moneta Hegoaldera hedatzeko pilotoa eginen dugu Baztanen eta Donostialdean»
- Bigarren egoitzen auzia hartuko du ardatz Herrian Bizik
- Oier Araolaza: «Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira»
- Laborarien mobilizazioak Hego Euskal Herrira hedatu dira