Hitzarmen berri bat erdietsi ezean, sei hilabeteren buruan legez kanpo izanen da ikastola Beskoitzeko lurretan. Fabienne Ayensa auzapezak berak proposatu du ikastolarekin zuten hitzarena haustea, herriko etxearen eta Seaskako gurasoen artean bi urtez luzatuz doan tira-birari are gehiago tenkatuz. Hamalau hautetsik bozkatu dute Ayensaren neurriaren alde, eta lauk kontra. Deliberoa onarturik, dimisioa aurkeztu dio auzapezari Anne Marie Jocou hautetsiak. Azken hilabeteetan ikastolaren eraikin berria eraikitzeko proiektuak eta herriko etxea eman dion ukoak sortu du gatazka handiena. Gaur egun, 51 ikasle eskolatzen ditu Beskoitzeko ikastolak, eta prefabrikatuez osatu azpiegitura txiki gelditu da.
Ipar Euskal Herriko euskal hiztunen kopurua %30era heltzeko bide orria galdegin diote Euskal Konfederazioko kideek Euskararen Erakunde Publikoari. Plangintza berriak transmisioan, irakaskuntzan, motibazioan eta baliapenean eragin beharko luke, helburu neurgarriak finkatu eta beharrezko baliabideak adostuz. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriak hizkuntza berreskuratzeko esperimentazio lurralde izendatzea aldarrikatu dute, frantses Konstituzioko 2. artikulua aldatu eta euskararen ofizialtasuna erdietsi anartean. Euskararen Erakunde Publikoak egin duen ikerketen arabera, %16aren petik kokatuko litzateke 2050an euskaldunen kopurua Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan.
Kattalin Elizalde kolegioaren lur alokatze kontratua etetea deliberatu du Senpereko herriko etxeak, Prefetak hitzarmen horren balio juridikoa dudan eman ondotik. Bernard Elhorga auzapezaren taldearekin bat egin dute Hats Berri zerrenda abertzalearen bozkek. Hautetsi abertzaleek Dominique Idiart auzapez ohiari «behar bezalako lanketa juridikoa ez egin izana» leporatu diote. Hitzarmen 'enfiteutiko' horren bidez, 99 urteko lur esleitzea egin zion Idiartek Seaskaren bosgarren kolegioari, urtean 18.000 euroko alokairuaren truke. Haatik, prefetak zalantzan eman du kontratu horren bideragarritasun juridikoa. Auzapez ohiak prefetaren arrazoia «ulergaitza» dela adierazi du; izan ere, Paris aldean bi ikastetxe pribatuk duten kontratua hartu zuten eredutzat. Orain, lur eremua Seaskari saltzeko negoziaketak abiatu ditu Elhorgakren herriko etxeak Iparraldeko ikastolen elkartearekin.
Hazparneko misiolarien kapera berritu dute. 193ean eraiki zuten Bihotz Sakratuari eskainitako kapera hori, baina azken urteetako baliapen eskasaren ondorioz, eraikina andeatu zen. Lau urte iraun du 2,4 milioi euroko zaharberritze prozesuak, eta abenduaren 8an estreinatu dute. Herriko etxeak Estatuaren, Akitania Berria eskualdearen eta hainbat pribaturen finantzamendua bildu du arraberritze proiektua garatzeko. Kaperak zerbitzu espirituala emateko ez ezik, ekimen kulturalak, kontzertuak eta mintzaldiak eskaintzeko baliatuko da.
Neguko tenperatura hotzekin, heldu da zuhaitzak landatzeko garaia. Usaian, azaroa erditsutik, otsaila bukaerara irauten du sasoiak. Horren kari zenbait landaketa egin dira Baxe Nafarroan. Azkena, abenduaren 12an antolatu du Baigorri ibarreko Ehiztarien Batasunak, Munhoako mazelan. Orotara, 30.000 euroko inbestimendua egin dute hiru hektareako oihana sortzeko. Haritzak, gaztainondoak, pagoak, fruitu arbola ttipiak… hamabost espezie desberdin ezarri dituzte, mendiko bioaniztasuna zaintzeko. CPIE Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorraren, Euskal Hirigune Elkargoaren, Departamenduko Ehiza Federakuntzaren eta Mendi sindikatuaren diru laguntzak ukan dituzte, besteak beste.