Euskarazko antzerkiaren inguruko teoria hutsuneari ihardetsi nahi izan dio Ander Lipusek. Antzerkilari markina-xemeindarrak bi liburukitan bereizitako obra argitaratu du, 'Antzerkiaren labirintoan' izenburupean. Antzerkigintzan ukan duen esperientzia zabala biltzen entseatu da Lipus, eta besteak beste, Ipar Euskal Herrian ikasitakoari aitortza egiten dio. Lehen liburuan, bere esperientziak eta bere inguruko kulturgintza hartu ditu ardatz; bigarrenean, aldiz, antzerkigintzako gida «teoriko-praktiko-poetiko» bat osatu nahi izan du.
Heldu den hamar urteetako helburu nagusiak finkatuko eta eztabaidatuko ditu Bagirak. Iragan urtean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen diagnostikoa egin zuten, 1.500 pertsonek iharduki zuten galdeketa baten bidez. Urtarrilaren 27an jardunaldia antolatu dute Kanbon. Goizean taldekako eztabaidak eginen dituzte, eta arratsaldean tailer tematikoak.
Arraildurak sabaian, zurmindura tatxa beltzak eta murru hezeak… Baionako Habas auzoko bizitegi sozialetan hezetasunak eragin dituen ondorioak salatu ditu ALDAk asteazken arratsaldean. HSA Habitat Sud Atlantic alokatzaile sozialaren egoitza okupatu dute oren batez, kasu larrienei aterabideak galdegiteko. Elkarteak auzo horretan 130 bizitegi zenbatu ditu hezetasun arazoekin. Berehalako berritze lanak galdegiten dituzte. Ostegun goizean, HSA egiturako buruak hitzordua eman die Aldako kideei hunkiak diren etxebizitzen bisita egiteko.
Ipar Euskal Herria eta Okzitaniako hainbat irakaskuntza eragile bildu dira Pauen, Bordeleko errektorearen oztopoak salatzeko. Euskal eragileen artean dira Seaska, Biga Bai, Ikas Bi, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Azterketak Euskaraz eta Ikas pedagogia zentroa, eta Calandretak, Oc Bi eta CRE okzitandarren aldean. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzan eta azterketak jatorrizko hizkuntzetan egiteko oztopoen ardura Bordeleko errektoretzat duela ohartarazi dute agerraldian. Haien aldarrikapen eta arrangurak igorri dizkiote Amélie Oudéa Castera Frantziako hezkuntza ministro berriari.
30 urte oihal-etxeari eutsiz. Hiru hamarkada bete dira aurten Seaskako lehen ikasleak Baxoraino heldu zirela. Ziklo luze horren kari, eta Korrikak galdeginik, ‘Oihaletxea’ dokumentala sortu du Lander Garro hendaiarrak. Bertan azterketak euskaraz egiteko eskubidearen borrokan ari diren 18 kide elkarrizketatu ditu. Dokumentalgile hendaiarrak 18 ikasle, irakasle eta buraso elkarrizketatu ditu, problematika protagonisten hitzekin azaltzeko. Filma ostegun honetan estreinatuko dute Hondarribian.