Hitza-hitz, Maule mapa musikalean kokatu nahi duen festibala

Hitza-hitz festibalaren bigarren edizioa ospatuko da Maulen, irailaren 22 eta 23an. Aurten ere eskaintza musikal anitza hitzeman dute antolatzaileek. Taula gainean izanen dira Ludwig von 88, Sidi Wacho, Vandal, Marta y Herbass, The Titanians, Ondubground, Mandidextrous, Les Vulves Assassines eta Ashkabad taldeak.

 

 

Inexa Gaxen omenduko dute Xarneguko pastoralarekin

Pastoral berri bat bidean da Xarnegu eskualdean. Ideiak herritar anitz mugiarazi ditu, eta dagoeneko, ehun parte hartzaile bildu dituzte. Inkisizioak sorgintzat hartu eta jazarri zuen Inexa Gaxen emazte bastidarraren istoria hartu dute gai gisa. Eskualde horretan, euskararekin batera gaskoiera ere entzun daitekeenez, bi hizkuntzei eginen diete leku antzezlanean. Testua Itxaro Bordak idatzi die, eta orain Ivan Bareyrekin elkarlanean arituko dira obra elebidunean moldatzeko. Heldu den urtean estreinatuko dute obra Bastidan ekainaren 15 eta 16an, eta ondotik Bardozen emanen dute irailaren 22 eta 23an. Pantxika Urruti antolatzailea izan da Euskal Irratietako gomita, Goiz Berri saioan:

Senpereko etxalde baten salmenta salatu dute

Senpereko Olha etxaldea, ororen buru, saldua izan da. Duela aste batzuetatik ELB sindikatuak eta Lurzaindiak gunea okupatzen zuten, Senpertarrak nahiz Ostia kolektiboko kideekin batera. Salmenta salatu dute Alexis Inchauspé notarioaren bulegoaren kanpoaldean, eta laborantza lurren espekulazioa laguntzen duela deitoratu diote. Momentuz, etxaldearen okupazio ekintza mantenduko dute kolektiboek.

Ostreopsis itsas-belar toxikoa, Lapurdiko kostaldean

Marie Toussaint, Europe Ecologie les Verts alderdiko europarlamentaria Donibane Lohizuneko Lafitenia itsas bazterrean izan da asteazken goizean. Hura izanen da talde ekologistako zeerenda-burua 2024ko Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan. Surfrider Foundation elkartearen laguntzarekin, ostreopsis itsas belarren presentzia eta uraren kalitatea aztertu dute. Klima aldaketak landare espezie berriak sorrarazi ditu euskal kostaldean.

Espainiako Gobernu berria, osatu ezinean

Ez da argi nor izanen den Espainiako Gobernuko presidente berria. Uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, eskuineko Alderdi Popularra izan zen garaile, baina; eskuin muturreko diputatuen babesa bildurik ere, gehiengo osorik ez du erdietsi. Xantza handiena, beraz, PSOE alderdiko Pedro Sanchez luke. Haatik, ezkerreko alderdi guzien babesa beharko luke, talde independentsistenekin batera. Ion Ansa politologoa izan da Euskal Irratietako gomita, Goiz Berri saioan: