'Aña' deitzen da Ziburuko maskota berria. Ostiralean estreinatuko dute Kilika konpainiak sortu duen 3 metroko txotxongilo erraldoia, Bixintxoetako besten irekitzearekin batera. Ziburuko herriaren historiari loturik sortu da pertsonaia hau, eta aitzinatu dutenez erdi gizakia eta erdi arraina izanen da. Marinelako tanborradak eta Estudiantinako musikariek lagundurik eginen du bere lehen agerpana Aña txotxongiloak.
Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri apirilaren 2 eta 3an Parisen. Luhuson ETAren armategitik atera ziren hamar bat arma eta lehergailu indargabetzeko operazioan parte hartu zuten. Horren kari, zazpi urte berantago, «armak erabili, eraman eta atxikitzea» leporatzen diete. Bake Bideak eta bi auzipetuek errugabetzea galdegin dute. Egin dutena osoki «asumitu eta onartuko» dutela gehitu dute. Auzipetuak sustengatzeko, izenpedura kanpaina bat abiatu dute eta jadanik ehun bat bildu dituzte Euskal Herria, Frantzia eta nazioarteko pertsonalitateen artean.
Euskal Sagardoa sor-marka aurkeztu dute, Euskal Herriko lurralde oro biltzen dituen lehen jatorrizko izendapena. Eusko Jaurlaritzako, Euskal Hirigune Elkargoko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek ekitaldian parte hartu dute sagardogintzako kidereein batera, Donostian. Zigiluak sagar itxura du eta kupel eta botiletan agertuko da.
Badu urte bat pasa, Bellokeko monasterioko fraideak ondoan bizi ziren serorekin bizitzera joan direla. Habitat et Humanisme fundazioak du gunea berriz erosi. Lehengo gasnategia atxiki dute, egonaldiak egiteko parada eskaintzen diete nahi duten guziei, kontzertu eta animazioak antolatzen dituzte eta laster, 30 bat etxebizitza sozial eginen dituzte lehengo fraideen gelak arraberrituz. Osasun arloko langileek Ipar Euskal Herrian bizioki bat atzemateko duten zailtasuna dela eta, horiei emanen diete lehentasuna.
Zazpi urtez landu ondoan, bere tesia aurkeztu du Pauline Guellek, zuzenbide publikoan doktore bilakatuz. Urte luze hauetan «torturaren zigorgabetasuna» landu du, Euskal Herriaren adibidea hartuz, Francoren garaitik 2022 urtera. Horrez gain, hainbat urtetan tesia eramatearen zailtasunak eta baldintza prekarioak azpimarratu ditu. Ostiral huntan tesiaz mintzaldia emango du Pauline Guellek, Atharratzeko Prefosta elkartean.