Aiherrako herriko etxea arranguraturik agertu da 250.000 eurotan erosia izan zen etxe bat, abantsu 1,6 milioi eurotan salgai ezarri ondotik. Etxexuri egoitza 2017an erosi zuten gaur egungo jabeek, eta arraberritzen lan handiak egin zituzten; ganerra eta barnea berregin zituzten, eta igerileku bat ere eraiki dute. Herriko etxeak gutun bat igorri die, operazio horren izaera espekulatiboa salatuz. Arño Gaztanbide Aiherrako auzapezak salatu du «herritarrek ezin dutela erosi holako preziotan» eta prezio hori erreferentzia gisa hartzen ahalko dela hemendik goiti. Nolanahi ere, auzapezak argi utzi du herriko etxeak ez duela eskumenik salmenta hori saihesteko.
Hogei urteren ondotik, xorrotxen bigarren diskoa argitaratu du Xiberoako Botzak. Azken bi hamarkadetako maskaradetan pertsonaia horiek abestutako kantuak berreskuratu dituzte. Xiberotar maskaradetan barna, gibelera begiratzeko parada ematen digu lan horrek. Maule eta Barkoxek birritan egin dute maskarada 20 urtez, 2012an Xiberoako ikastolako ikasleek egin zuten eta 2021ean herri orotako herritarrak bildu ziren 'COVID maskarada' egiteko. Baina iraganera ez ezik, bilduma berria gerora begiratzeko ere baliagarria izatea nahi dute elkarteko kideek; izan ere, emazteak xorrotxen ofiziora lotu direla erakusten du 'Xorrotxak II' diskoak. Hemezortzi kantuetatik zazpitan emazteak dira kantari eta beste seietan emazteak nahiz gizonak. Diskoa salgai izanen da Xiberoako hainbat dendetan, eta Xiberoko Botzaren egoitzan.
Anne-Marie Jocou Beskoitzeko hautetsi ohiak gehiengoak hartu duen erabakia salatzen du. Azken unean jakin zuten gurasoek eta Seaskak, Fabienne Ayensa Beskoitzeko auzapezak ikastolaren lurraren alokatze kontratua ezeztatzea proposatuko zuela abenduaren 18ko herriko kontseiluan. Auzapezaren proposamenaren alde bozkatu zuten hamalau hautetsik, eta lauk kontra. Bozketa bururatu bezain laster aurkeztu zuen dimisioa Jocouk, herriko etxearen jarrera salatzeko. Hautetsi ohiaren ustez, ikastolarekiko «errotiko haustura» horrekin, herriko etxearen «euskararen kontrako jarrera argitan eman da». Seaskako arduradunek azaldu dutenez, ez dute «beroan-beroko» ihardukirik emanen Beskoitzeko herriko etxearen erabakiari. Ikastolako guraso eta partaide guztiekin bilduko dira aterabide bat atzemateko, eta sei hilabeteren buruan ikastola legez kanpo gelditzea saihesteko.
Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko baitzen Ipar Euskal Herrian GALen eraso eta bahiketa garaia. 1983 eta 1987 artean ehun atentatu, 27 hildako eta hamarnaka zauritu eragin zituen espainiar Estatuko 'estoldetatik' antolatutako talde horrek. 'Gerra zikinaren' azken hildakoa Bidarrain izan zen; 1986an, Cristobal Machicote artzainari eta bere 16 urteko ilobari eraso egin zien GALek. Garai horretan «izu egoeran» bizi zirela kontatu digu Dominika Daguerre garaiko lekukoak eta Errefuxiatuen aldeko komiteko kide ohiak: «Hiru urteko izu estrategia jasan genuen espainiar gobernuaren eta poliziaren eskutik».
Uztaritzen egin du EAJren Euskadi Buru Batzarrak bere asteroko bilkura, eta arratsaldean Miarritzeko talde lokalaren aurkezpena egin dute. Horrez gain, goizean Itsasuko etxalde baten bisita egin eta 1963ko Itsasuko Aberri Egunaren oroitarrian omenalditxoa egin zuten. Gaur egun zazpi herri biltzar ditu EAJk Iparraldean eta, orotara, 120 alderdikide inguru. Heldu den urtean bi hauteskunderi buru egin beharko diote jeltzaleek, Euskal Autonomia Erkidegokoei eta Europako legebiltzarrekoei. Azken horiei begira oraino ez dute argitu zein aliantzarekin bat eginen duten Ipar edo HegoEuskal Herrian. 2019an Eskualde eta Herri Solidarioak aliantza babestu zuen Iparraldeko EAJk, eta Hegoaldean Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa sortu zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko bozen kasuan, lehia estua aurreikusten dute azken neurketek EAJ eta EH Bilduren artean. Horren kari, eraberritze nabarmena gauzatu dute jeltzaleek beren hautagai zerrendetan.