Greban dira Txiktxak sareko autobus gidariak

Ez da autobusik izanen goizetan, bai aldiz arratsaldeko 2etatik landa, goizeko 4ak arte, Baionako bestetako joan etorriak segurtatzeko. Konfiantza galdu dutela zuzendaritzarengan diote langileek, beste aldean ez dute ulertzen zergatik orain heldu den greba hori. Ihintza Arrieta:

Donostiako musika hamabostaldia hasiko da heldu den astean, Senperen bi hitzordurekin

Agorrilaren 3tik irailaren lehenera, Donostiako Musika Hamabostaldian mundu osoko estilo anitzetako musikariak, taldeak eta orkestrak batuko dira. Baina Donostiatik urrunago ere zabaltzen da, adibidez Senperen izanen direlarik bi kontzertu garrantzitsu, azken urteetan ohikoa bilakatu den hitzordua errepikatuz. Hamabostaldiaren kudeaketa zuzendari Andoni Alonsorekin izan da Aimar Lopez.

Heldu den ostegunean hasiko den Musika Hamabostaldiaren egitarauari buruzko xehetasun guztiak musikahamabostaldia.eus webgunean atzemanen dituzue.

Prest da laborarien xokoa, Baionako besten 5 egunei aurre egiteko

10 urte betetzen ditu aurten eta tokiko ekoizpenen gune nagusia da, bere burger, talo edo pastekin. Laborantza herrikoiaren garrantzia azpimarratu digu beste behin ere ELB sindikatuak, erranez posible dela tokikoa eta prezio onargarrian saltzea. Jean Paul Duhalde, ELBko kidearekin mintzatu da Ihintza Arrieta:

“Oso garrantzitsua da pertsonek jakin dezaten zoin diren beren sustraiak”

Bidarteko Estia eremuan kokatua da Sophia Genetics enpresaren eraikin berria eta horko buru da Jurgi Camblong angeluarra. Egoitza nagusia Suitzan duen start-up honetan, minbiziaren eta eritasun genetikoen ikerkuntzan ari dira lanean. 720 ospitalekin lan egiten dute, 70 herritan. Goiz Berrira gomitatu dugu Jurgi Camblong, zurekin duzu Ihintza Arrieta:

“Baxoa euskaraz behar dugu”

Azterketen gaia izanen da heldu den ikasturtean ere borroka nagusietarik bat ikasturte berrian, Seaskarentzat. Euskaraz egiteko eskubidea eta batez ere baxoan ere urrats berriak emaitea.  Uztaila bukatzear dela eta, ikaskurte berriari begira pundu bat egin dugu Peio Jorajuria Seaskako lehendakariarekin: