Mobilizazioari lotu dira ere Confédération paysanne eta ELB

Laborarien protestek ez dute etenik. FNSEAk aste hastapenetik bide mozketa handiak gauzatu ditu Frantzian osoan, bereziki, Europar Batasunak ezarri nahi dituen ingurumenaren aldeko neurrien kontra. Horien artean, laborantza lurren %4 lugorrian atxikitzeko araubidea, edota kabala etxalde handien berotegi efektuko gas isuriak murrizteko neurriak. Protestak hartu duen tamaina ikusirik, Confédération paysanne eta ELB sindikatuek ere mobilizazio uhinarekin bat egitea deliberatu dute, hori bai, haien aldarri propioekin: «laborari ororendako lansari duin bat eta merkataritza-librearekin haustea». Aste hondar honetan, Lapurdin mobilizazio bat antolatuko dutela jakinarazi du ELB sindikatuak.

Inauteriak heldu dira Uztaritzera Hartzaro festibalarekin

Hartzaro festibalak bere 28. edizioa ospatuko du otsailaren 2tik 13ra. Hamar egunez, hamarnaka hitzordu izanen dira Uztaritzen: kaskarotak, ganixak, tutak, txilindron txapelketa edota astearte gizena.

'Apaiz kartzela' dokumentala Ipar Euskal Herrian estrenaituko dute

'Apaiz Kartzela' dokumentala Donibane-Lohizuneko zineman eskainiko dute. Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabalek zuzendutako lan horrek 1968-1976 artean Zamorako kartzelan preso izan ziren lau apaizen lekukotasunak biltzen ditu, egun hutsa den eraikinera itzuliz. Presondegi horretan izan ziren apaiz horietako batzuk hamar urtetik gorako zigorrak ukan zituzten, haien sermoietan frankismoa salatzeagatik. 

Protesta ikusgarria abiatu dute FDSEAko laborariek

FDSEA sindikatuak bideak blokeatu ditu, frantses gobernua mugiarazteko xedez. Besteak beste, Europako Batasunak klima krisiari buru egiteko ezarri dituen baldintza gero eta zorrotzagoak sortu du FDSEAko laborarien kexua. Erraterako, laborantza lurren %4 lugorrian atxikitzeko, edota zerri nahiz hegazti etxalde handien CO2 isuriak murrizteko neurriak gaitzetsi dituzte. Prezioen gaiari dagokionez laborantzako erregai gorriaren gaineko zerga emendatzea, PAC laguntzen beranta eta EGALIM legearen ez aplikatzea salatzen dute. Ipar Euskal Herrian, Baionatik Bordelera bidean, A63 autobideko Hubert Touya zubia oztopatu dute eta blokeoa Grand Basque auzoko biribilgunera arte luzatzen da. Protestak aste honetan zehar luzatuko dira hainbat lekutan, eta ekintzak datozen asteetan biderkatuko dira Parisko Laborantza saloira arte.

Arrantzatzeko debekua gaitzetsi dute arrantzaleek

Bizkaiko golkoan arrantzatzea debekaturik izanen da otsailaren 20ra arte. Ordura arte, kaian goaitatu beharko dute zortzi metro baino gehiagoko arrantzontziek. Neurri horren bidez, izurdeen ernalketa garaia  babestu nahi luke frantses gobernuak. Arrantza tradizionaleko arrantzaleek, ordea, neurriaren «zentzugabetasuna» salatu dute pelagiko eta hondasareko arrantzontzien ber zakuan sartu baitituzte. Haatik, azken horiek izanen dira gobernuaren diru laguntza gehien jasoko dutenak. Izan ere, enpresa bakoitzaren irabazien araberako %80eko kalte ordaina eskainiko du Parisek. Heldu diren bi urteetan ere debeku hori errepikatuko dela aitzinikusten da.