Urtez urte, Ipar Euskal Herrian esponentzialki hazi da Vespa Vélutinaren populakuntza. Espezie inbaditzaile horren eragin kaltegarriei muga ezartzeko elkarte berri bat aurkeztu dute azaroaren 25ean Itsasun. Ehun bat pertsona bildu dira bertan, horien artean, Ezti Etxea, Erle Beltza eta Adana elkarteko kideak, baita Gaves eta Nives eskualdeetako sindikatukoak ere. Mikela Untsain Azkaineko erlezaina eta kolektibo berriko kideak Goiz Berri saioan azaldu duenez, arazoa orokorra da tokiko ekosistemari eragiten baitio liztor asiarrak, besteak beste, intsektu polinizatzaileak garbitzen dituelako eta fruitu arboletako fruituak kaltetzen dituelako. Lehen bilkura bat egin du kolektibo berriak eta urtea bukatu aitzin taldeka bilduko dira lehentasunezko lan ardatzak zehazteko.
Usoen sasoi berezi bat izan da Pirinioetako saretegietan. Azaroaren 21ean hetsi da ehiza sasoia. Usoek berant abiatu dute hegoalderako migrazioa, urriko tenperatura beroen eta haize azkarren ondorioz. Horrek azarora gibelatu du uso talde gehienen bidaia, abantsu ehiza sasoia bururatu baino hogei egun lehenago. Euskal Irratietan egun oroz eguneratu dugun kontaketaren arabera, Naphaleko lepoan (833) eta Landibarre-Suhuskunen (821) ehizatu dituzte uso gehien, eta ondotik heldu dira Oskaxeko lepoan (549) eta Etxalarko saretegietan (243). Aldiz, emaitza eskasak ukan dituzte aurten Lekunberrin (91), eta bereziki, Alduden (39) eta Saran (38).
Euskal Herriko sagardogileak eta sagar ekoizleak bilduko dituen sor-marka, bidean da. 'Euskal sagardoa' izendapena hautatu dute, eta mugaz gaindiko lehen sor-marka litzateke. Hegoaldean jada bazen izen bereko jatorri izendapen kontrolatua, baina urrunago joateko parioari lotu dira orain. Ipar Euskal Herrian sindikatua sortu dute ekoizleek, Europako Batasunean aurkeztuko den egitasmoan parte hartu ahal izateko. Une honetan, xehetasun juridikoak aztertzen ari dira bi administrazio eremuak barnebilduko dituen izendapena sortu ahal izateko. Heldu den urte hastapenean aurkeztuko dute 'Euskal Sagardoa' sor-marka erregistratzeko txostena.
Nehoizko bultzada ekonomiko handiena bildu du Seaskak. Herri Urratsen azken edizioa ezin izan zuten behar bezala ospatu aro txarrarengatik, baina ondoko elkartasun erauntsia sekulakoa izan da. 500.000 euro bideratu ahal izan dituzte Senpereko Seaskak ireki berri duen Kattalin Elizalde kolegioari, usaian 300.000 euroko irabaziak bideratzen direlarik. Eta orain, iragan urteko tenpestaren ondotik, ortzadarra heldu da Senpereko aintzirara. Herri Urratsen 41. edizioa 2024komaiatzaren 12an ospatuko da «ortzadarra» lemapean, eta Beskoitzeko ikastola berria finantzatzera bideratuko dira irabaziak. Aurtengo kantua Neomak taldeak eginen du, eta berrikuntzen artean, maketa lehiaketa bat antolatu dute; irabazleak Herri Urratsen jotzeko parada ukanen du.
Konkolotx elkarteak Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain-etxe euskaldunak saretzen ditu. Guztien artean, 110 haur eta 140 familia biltzen dituzte. Duela hainbat hilabete erakunde publikoen laguntza eskasa salatu zuten, eta ohartarazi zuten ez dutela gaitasunik jasotzen duten galde handiari ihardukitzeko. Izan ere, urtero ehun bat eskaera ezeztatzen dituzte Konkolotxeko egiturek. Azken aldian hezitzaile euskaldunak xerkatzen dituzte. Elorri Arin Konkolotx elkarteko koordinatzaileak azaldu digunez, ama eskolan emaitza onak ematen ditu lehen haurtzarotik euskaran murgiltzeak.