Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko egunaren kari, euskarak lan munduan duen garrantzia azpimarratuko dugu aste honetan. Astearte honetan, Oztibarreko osagarri etxera jo dugu, Erik Ugarte kinesiterapeutarekin mintzatzeko. Oztibarren medikuntza zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea «baitezpadakoa» dela erran digu.
Gazte elbarritu baten abentura lagunduko dute Navarre lizeoko sukaldaritzako eta ostalaritzako ikasleek. Goelette errotadun aulki batekin, Nepalen mendi erronka egitea dute helburu Hegoak Mendian elkarteak. Espedizioa egiteko diru biltze kanpainaren kari, azaroaren 30ean elkartasun afaria eginen dute. Horrez gain, ikasleen sentsibilizatzeko, ostiralean zurgintza saileko ikasleek goelette aulki batekin korrika eginen dute Donibane Garazin gaindi.
Hogei haurri ezekoa eman behar izan die Xiberoako euskal haurtzain-etxe bakarrak. Azken ikasturteetan, Xübükotak ezin izan die galde guztiei iharduki, haien azpiegitura bakarrik hamar haur hartzeko prestatua baitzen. Gaur egun, hamabi haur dira, baina, urtez urte, lehen haurtzaroan euskaraz ikasteko galdea handituz doa. Leku berria Mauleko erdigunean izanen da, eta aparkaleku bat izanen du. Xiberoako lurraldeko hautetsien laguntza ukan dute eraikin berria atzemateko. Euskal Hirigune Elkargoak eta CAF familien laguntza kutxak 7.400 euroko laguntza eskainiko diote Xübükotari haur bakoitzeko, orotara, 88.800 euro inguru. Laguntza horretaz baliatuko dira ere Konkolotx sareko gainerako haurtzaindegi eta haurtzain-etxeak.
Marokon jokatu zen Europako bodysurf txapelketa, eta Uhaina-Kailani Hegoas hiriburutarrak Sub-18 kategoriako eta kategoria irekiko txapelak irabazi ditu. Sarien banaketan ikurrina erakutsi zuen lapurtarrak. Irailean bi kategoria horietan irabazle izan zen Angelun. Hamabost urte baizik ez ditu eta sail irekian, bere aita kontra lehiatu zen; Matias Hegoasek hirugarren postua erdietsi zuen. Ondorioz, aitalabek 2024an Hawain jokatuko den Munduko Bodysurf Txapelketan parte hartzeko sarrera eskuratu dute.
Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartagoa galdegin dute Euskal Konfederazioko eragileek, Maider Behoteguyk Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaritza hartu zuen ber egunean. Eneko Gorri Plazara kooperatibako kidea«euskararen aldeko adostasun bat» badela uste du, azken urteetan «arraildurak» sentitzen ditu baliabideen aldetik. Gainera, euskararen «egoera larria» ikusirik, garrantzitsua deritzo «klima eta etxebizitza krisiekin egin bezala, euskararen alarma ere piztea». Max Brisson senatari eskuindarra eta EEPko lehendakari ohiak bat egiten du ikuspegi horrekin, eta hizkuntza politikan urrats bat aitzina egiteko unea dela uste du. Gakoa eskolaz kanpoko gaztetxoen aktibitateetan dagoela kokatzen du Brissonek. Alta, ez du uste ofizialtasuna frantses Estatuan posible denik.
Eneko Gorri:
Max Brisson eta Sébastien Castet:
- Urepele eta Zestoa, bertsolaritzak eta laborantzak senidatutako bi herri
- Senpereko Hurbil eraldatze tailerrak laborari kide berriak xerkatzen ditu
- «Euskal musika tresna herrikoiak geroz eta presenteago dira Iparraldeko Kontserbatorioan»
- «Ikasgela bakoitzean, bataz beste, bi haurrek sexu erasoak jasaten dituzte Frantzian»