Osasun langileentzako 30 bizitegi berri, Belokeko monastegi ohian

Badu urte bat pasa, Bellokeko monasterioko fraideak ondoan bizi ziren serorekin bizitzera joan direla. Habitat et Humanisme fundazioak du gunea berriz erosi. Lehengo gasnategia atxiki dute, egonaldiak egiteko parada eskaintzen diete nahi duten guziei, kontzertu eta animazioak antolatzen dituzte eta laster, 30 bat etxebizitza sozial eginen dituzte lehengo fraideen gelak arraberrituz. Osasun arloko langileek Ipar Euskal Herrian bizioki bat atzemateko duten zailtasuna dela eta, horiei emanen diete lehentasuna.

«Torturak Euskal Herrian ukan duen inpunitate-sistema ikertzea nuen xede»

Zazpi urtez landu ondoan, bere tesia aurkeztu du Pauline Guellek, zuzenbide publikoan doktore bilakatuz. Urte luze hauetan «torturaren zigorgabetasuna» landu du, Euskal Herriaren adibidea hartuz, Francoren garaitik 2022 urtera. Horrez gain, hainbat urtetan tesia eramatearen zailtasunak eta baldintza prekarioak azpimarratu ditu. Ostiral huntan tesiaz mintzaldia emango du Pauline Guellek, Atharratzeko Prefosta elkartean.

Zaharrer Segi, mende bat Baigorri ibarrean pilota biziarazten

Ehun urte bete ditu Zaharrer Segi pilota batasunak. Orotara hirurehun lizentziadun baino gehiagorekin, Ipar Euskal Herriko eta frantses Estatuko pilota federakuntzako pilota elkarte handiena da. Mendeurrena behar bezala ospatzeko urte osoko egitaraua antolatu dute kantaldi, erakusketa, mintzaldi, liburu aurkezpen eta Perkaini buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin. Alta, hitzordu nagusia irailaren 7an izanen da, Baigorrin besta handi bat eginen baitute. Lehen hitzordua urtarrilaren 27an izanen da, ‘Union basque’ txapelketaren nesken finala jokatuko baitira Arrosako trinketean; otsailaren 10an, txapelketa bereko gizonezko kadet eta helduen esku huskako finalak izanen dira, Baigorrin.

Xarles Bergara zendu da, euskal makilagile ezaguna zendu da

Xarles Bergara, Larresoroko makilagile famatua zendu da, 97 urtetan. Zazpi belaunaldi dira Bergara familiak makilak egiten dituela Larresoron, UNESCO agentziaren ezagupena ukan zuten munduko ondare gisa. Bost langilek egiten dute lan Bergara enpresan, horietarik bat Xabi Retegi pilotari ohia.

Karbonozko «zuhaitz» bat Baionan, aireko kutsadura garbitzeko

Metalezko «zuhaitz» bat, airearen kalitatea hobetzeko? Herriko etxeak karbono dioxidoa eta NOx nitrogenoa xurgatzen duen GarbiAir teknologia berria ekarri du Baionara. Barakaldoko Bromalgae enpresak diseinatu duen «karbonozko zuhaitzak» egiazko 50 zuhaitzek bezain beste CO2 xurgatzeko gai da. Eta hori, barnean dituen mikroalgek egiten duten fotosintesi prozesuaren bidez. Haatik, metalezko egituran diren mikroalgak erregularki aldatu beharko dira urtean zehar, eta esperimentazio fasea ekainera arte luzatuko da. Karbonozko GarbiAir «zuhaitza» Jean Grenet zubi gorriaren ondoan paratu dute, hirian auto pasaia eta kutsadura handieneko gunea baita.