Etxaldek bermatzaileak xerkatzen ditu 300.000 euroko mailegua ukaiteko

Etxalde elkarteak bermatzaileak xerkatzen ditu, Coop57 finantza zerbitzu «etiko eta solidarioaren» 300.000 euroko mailegua eskuratzeko. Egitura horrek 25 urterainoko maileguak eskaintzen dizkie izaera sozialeko egitasmoei, %2,75eko interesarekin. Bultzada horretaz baliatu nahi luke Etxaldek Bokaleko eraikin bat eskuratzeko, eta zortzi apartamenturen gozamena prezio eskuragarrian saldu ahal izateko. Haatik, mailegua ukan ahal izateko, gutxieneko berme bat ziurtatu beharko du Etxaldek. Hori dela eta, ehun eta bost mila euro arteko diru zama eskaintzeko prest diren bermatzaileak xerkatzen dituzte.

Mugaldeko herritarren diagnostikoa eginen du Garapen Kontseiluak

Ipar Euskal Herriko Garapen Konseiluak bultzaturik, azaro huntatik heldu den ekaina arte, bederatzi tailer eginen dira muga zeharkatzen duen lurraldeko leku desberdinetan. Tailer horietan, karten bidez, parte-hartzaile bakoitzak bere mugaz-gaindiko usaiak marraztuko ditu eta aipatuko, herritarren diagnostiko baten egiteko helburuarekin. Antropologian doktoregaia den Elena Casiriainek mugaldeko herrietan lan bat eraman du eta garapen kontseiluan misio karguduna da, Mugalur proiektuaren eramaile da eta Goiz Berri saioko gomita izan da.  

Baionatik Bilbora belauntzi ttiki batean, hiru metroko uhinekin

Hamazazpi orenez euskal kostaldea trabeskatuko du Lenaïg Alfaro 17 urteko gazteak. Asteazken gauean itsasoratu zen, eta ostegun arratsaldean Getxoko portura heltzea du xede. Baiona eta Bilbo arteko distantzia O'pen BIC batean egiten duen lehena izan nahi du Alfarok. Itsasontzi hori bela arineko itsasontzia da, 2,7 metroko luzera duena. Erronka ez da erraza izanen, hiru metroko uhinak iragarriak baitira euskal uretan. Alfarok balio sinbolikoa ematen dio Ipar eta Hego Euskal Herria batzen dituen bidai horri.

Euskara elizan: Iparraldeko apezen %15k bakarrik daki euskaraz

Apez euskaldunen aroa bukatzen ari dea? Euskara baitezpadakoa izan da Elizarentzat azken mendeetan haren mezua euskal gizartean zabaltzeko. Horrek euskal hiztunen apezgotza bultzatu eta gaur egunera arte iraunarazi du. Haatik, azken hamarkadetan, elizatiarren eta euskal hiztunen kopurua apaltzearekin, apez hautagai euskaldunak desagertuz joan dira. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko diozesan berrehun apez ingurutik, %15 baizik ez da euskal hiztuna. Mauleko parrokian, erraterako, duela hiru hamarkada 35 apez euskaldun ziren, gaur hiru direlarik.

Ura biltzeko diru laguntzak eskainiko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak hamaika etxalde lagunduko ditu uraren inguruan muntatzen ari diren proiektuen finantzatzeko. Proiektu horieri esker bildutako ura, laborantzarako baliatua izanen da, jakinez behar gorrian direla. Iazko idorteak sekulako kalteak sortu zituen, bereziki laborantzan. Lagunduak direnen artean da Argitxu Iturria, Garroan baratzezaina dena. Bertan, euri ura errekuperatzeko putzu bat ezarri dute. Bestalde, Elkargoak hogeita bat etxalde ere lagunduko ditu, berrikuntzaren bultzatzeko.