Ekainaren 26, 27 eta 28an iragatekoa da aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatze-Zilhekoan. Hirugarren urtea ukanen du Amikuzen, eta 30. urteurrena du festibalak. Urte hastapenetik ari dira festibalaren antolatzaileak urteurrena ospatzen, lehenik urtarriletik apirilera hedatu zuten Uhinen Ildoan podcastarekin, berrikiago Auzolanaren Lurretan liburuaren argitalpenarekin, eta etzitik landa, hiru eguneko festibalarekin. Ahantzi gabe oraindik ere filmatzen ari diren eta udazkenean estreinatzekoa duten dokumentala.
Ihintza Etxart EHZko antolatzaileak azaldu digunez, festibalak kolpeak jasan baditu ere, "beti gora buruz" joan dira antolatzaileak, "beti akatsetatik ikasiz". Usu, eredua aldatzea ere egokitu zaie, "modeloak ez baitziren garaiari egokituak", eta hala, belaunaldi bakoitzak bere moduan egin du festibala. 1996an Arrosan sortu zenetik, Idauze-Mendin, Heletan, Lekornen, Irisarrin eta Arberatzen ospatu da EHZ, baita 2018an formatu nomadan ere, Baigorri, Baiona eta Itsasun.
Prestaketa betean astebururako
Joan den urteko edizioa beroak markatu zuenez, aurten ere beroteari aurre egiteko prest dira EHZn. Itzal gune gehiago izanen dira, ura eskuragarri izanen da gune guztian, freskaguneak ere, eta dutxak 24 orenez irekiak izanen dira. Festibalera joateko Txik Txakekin batera autobusak plantan eman dituzte aurten ere, zerbitzu gehiagorekin, hiru euroan. Txartela ezin da autobusean erosi, baina sarean autobusa abiatu arte erosteko aukera bada.