Euskara guztiaren ardatz
Zein pozgarria den edozein euskal musika taldek, zahar edo gaztek, kontzertua iragarri eta
sarrera guztiak saltzea, Euskal Herriko Bertso Txapelketa aurrera doan heinean plaza eta saio
bakoitza jendez beteta ikustea edota Euskal SelekzioaK jokatzen duela eta milaka euskal
herritar mugitzea, Euskal Herria ordezkatuko duen selekzio bat nahi dutela erakutsiz eta
irmoki eskatuz haren ofizialtasuna.
Argi eta garbi esan dezakegu euskal kirola eta kultura indartsu daudela, baina guzti honetan
zerbait atzean utzi edota oharkabean pasatzen ari garen susmoa dut.
Nabarmena da euskal kirolak edota kulturak behar dutenean, hitzordu garrantzitsuak
dituenean, euskaldunok erantzuten dugula. Baina gure kirola, kultura, euskaltzaletasuna,
euskalduntasuna eta abertzaletasunaren oinarria ez da ahaztu behar nagusiki gauza batek
markatzen duela, gure hizkuntzak: Euskarak.
Pozgarria, beharrezkoa eta garrantzitusa da esan bezala ekitaldi guzti horiek babestu, jarraitu,
sustengatu eta jendez betetzea baina hortatik haratago egunerokoan ere egin behar dugu lan
guztiaren oinarri eta ardatza denaren alde. Euskararen alde. Neurri handi edo txikiago batean,
egunerokoan euskaraz dakienarekin euskaraz eginez edota leku ezezagunean lehen hitza
euskara eginez soilik izugarrizko hauspoa ematen diogu gure hizkuntzari.
Azken asteetan sumatu ditugu gure hizkuntza defendatzen zazpi herrialdeetako hautetsiak.
Esaguratsuena, Ipar Euskal Herriko ehun hautetsi baina gehiagok Pirinio Atlantikoetako
prefetari idatzi izana azken hilabetetan honek euskararen aurka hartutako jarreraren aurrean.
Honela beraz, euskaldun eta euskaltzale bezala, euskara oinarri duten ekitaldietara joan behar
dugu baina ezin dugu ahaztu egunerokoan ezin dugula gure hizkuntza atzean utzi. Beste
hitzordu garrantzitsua asteburu honetakoa, Euskal Konfederazioak Baionan deitutako
manifestaldia, euskarak behar bezalako eta benetazko aitortza izan dezan.
Ez dezagun ahaztu gure lana dela egunero gure hizkuntza babestu, sustatu eta helaraztea, ongi
abesten dugun bezala ongi jakin behar baitugu euskara dela euskaldun egiten gaituena.