Xan Berterretxe

2026 AZA. 10

Gelditzen zitut?

Ene pazienteak langile porrokatuak dira!

Lana bera, lan egitea, laneko lekua, nagusia... ez dakit zerk dituen hainbeste motibatzen lanera

joaiteko, bainan egun guziz harritzen nau ene pazienteek zonbat maite duten lan egitea.

Joan den egunean Mizel, autobus gidari bat heldu zaut gastro batendako. Beheitikoa turrustan,

oren erdi guziz gelditu behar, badakizie zer den, paso.

Nik, alabainan hobe zuela lana gelditzea bizpahiru egunez, sintomak arintzeko denbora, hark

ezetz, segituko zuela, bestenez nagusiak ezin trenkatuzko buru koropiloak ukanen zituela

planingaren betetzeko.

Atsalde berean erizain bat, Maite, gerruntzetako min batekin, denmendreneko mugimenduetan

sofrikario samin bat pizten zitzakola. Nik, kontsulta bukaeran, bixtan dena geldi aldi bat eginen

nakola, ez zuela potretarik manera hortan lanera joaitea. Maitek ezetz, biltzeko zertifika marroin

hori, ez zela geldituko, bere lankideak ez zituela nardatu nahi, Josiane lankidea deia gelditua

zela, ez zela deia nehor gauen egiteko, zerbitxuan haren beharra zutela, eta hala edo hola

kausituko zuela lan egiten.

Eta nola ez aipa Erramun, bere kondu plantatua den hargina, bularreko embolia susmo batekin

lanera itzultzea nahiago duena, gelditzen bada beranta hartuko baitu xantierretan.

Beti arrazoin on bat lanean segitzeko. Baigorriko jendeak hain maiteminduak direa haien

lanaz? Haien enpresetaz? Haien nagusiez ? Edo hainbeste maite duteia sofritzea ?

Ikerketetan begiratuz pixkat lasaitu niz ohartzean Baigorri ez zela salbuespen bat.

Hedabideetan laneko absentismoa aipatzen bada luze eta zabal, hots lanera jin beharrean

geldialdi ez hain justifikatuak hartzen dituzten langileen kasua, lan munduan oino gehiago

gertatzen den fenomenoa presentismoa da, erran nahi baitu eri diren langileak lanetik gelditu

ordez lanera heldu direla..

Erranen dautazie, zendako problema bat litaike? Holakoetan lan istripuen egiteko arriskuak

emendatzen dira, hots langileak lanjerrean ezartzen du bere burua, baita bere lankideena

Bainan geldialdietan nagusi ttipien pentsamoldea nagusi da.

Haien kondu plantatuak direnak nagusiak dira definizioz. Enpresarekiko identifikazioa izigarri

azkarra da. Enpresa eta nagusiaren artean diferentziarik ez da : hau Minjouren etxen ari da

lanean, beste hau Etxeberriren etxen. Enpresa eta nagusia ber gauza dira, kanpokoentzat eta

nagusiarentzat ere.

Leher egiteko punduan delarik ere nagusia ez da lanetik gelditzen. Lehenik ez baitu babes

mikorik gelditzen delarik, enpresaren geroa arriskuan ezartzen duelako. Eta enpresa eta

nagusia ber gauza baldin badira, lanetik gelditzea auto-zabotatzea litaike. Ezin da aipatu ere.

Alabainan holakoetan meritokrazia ez da eztabaidagarria, hots erreusitzen dutenak bere lanari

esker kausitzen du, bai ala bai. Aberasten direnak pribilegio, herentzia eta xantzari esker igan

direla iradokitzen bazaie, kasu urtikerrari.

Bakotxak egiten du ahal bezala, eta ikusiz lan munduan den giroa, ez da harritzekoa ainitzek

egiten baitute beren kondu plantatzeko hautua. Bainan fite ohartzen gira sistema huntan

esplotazioari emaiten zaion alternatiba auto-esplotazioa dela. Ondarrean nehork ez du bere

bizia gobernatzen, bainan denek nagusi haundiak bezala pentsatzen.

Uzten zaituztet, Mizelek azkenean geldialdia hartuko zuela erran berri data, papera egin behar

dakot.

Segi pixkor, eta ondoko hilabete arte.

Beste iritziak entzun