Kike Amonarriz

2026 EKA. 2

Buru, helburu, liburu, Ziburu

Buru, helburu, liburu, Ziburu

 

Egun on:

 

Jaiki ondoren egin al duzue ariketarik? Ondo dakizuen bezala, egunero ariketa fisikoa egitea onuragarria da osasunarentzat, eta zahartze biologikoa atzeratzen eta moteltzen laguntzen du. Baina, aste honetan, hainbat egunkaritan albiste izan den University College London-ek egindako ikerketa baten arabera, jarduera artistikoetan parte hartzeak ere antzeko ondorioak omen ditu.

 

Onura eragiten duten faktoreen artean daude, jarduera artistikoetan parte hartzearen maiztasuna eta berauen aniztasuna. Ikerketak aipatzen dituen aukeretako bat da, esate baterako, bizpahiru hilabetez behin museoak bisitatzea. Beraz, entzuleok, hasi osatzen bisitatu beharrekoen zerrenda: Bonnat, Euskal Museoa, Asiatika, Ortillopitz, edo San Telmo, Artium, Guggemheim edo Arte ederretakoa. Euskal Herrian aukerak ez zaizkigu falta!

 

Hari honetatik tiraka, Estela Lladó-Carbó neurofisiologoak, joan den igandeko Kataluniako La Vanguardia egunkarian gaineratu duenez, bi edo hiru hizkuntzatan irakurtzeak ahalmen kognitiboak hobetzen laguntzen du. Ehun urtetik gora dituzten pertsona asko ikertu omen ditu eta gehienek egunero irakurtzen omen dute.

 

Asko dira irakurzaletasunaren abantailak nabarmendu dituzten ikerketak. Egunero 20-30 minutu irakurriz gero, estresa murriztu egiten da, loa hobetu eta ahalmen kognitiboa indartu egiten da. Eta ikerketek diotenez, paperean irakurtzeak gainera, emaitza hobeak dakartza irakurritakoaren ulermenean, memoriaren indarketan, eta orokorrean. Hau ote da Euskal Herrian irakurketa-taldeak horrenbeste zabaldu izanaren arrazoietako bat? Ez dakit hala den, baina zuen inguruan irakurketa-talderik ez badago, bat sortzeko nahikoa arrazoi aipatu dugu!

 

Bestalde, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko ikerketa baten arabera, irakurtzeko ohiturak enpatia eta adimen emozionala sustatzen ditu. Eta Torontoko unibertsitate bateko beste ikerketa batek frogatu zuen literatur fikzioa irakurtzeak, besteen pentsamendu eta emozioak hobeto ulertzen laguntzen duela. Ikerlarien ustez, eleberriak irakurtzea ez da entretenimendu hutsa, mundua beste ikuspegi batzuetatik begiratzen erakusten digu, eta guk ez bezala pentsatzen dutenak hobeto ulertzen.

 

Euskarari dagokionez, gainera, irakurtzeak, gure hizkuntza hobetzea dakar, hiztegia eta esamoldeak aberastea, gure adierazkortasuna indartzea, beste leku batzuetako hizkerak ezagutzea, erregistroak lantzea eta hizkuntzarekiko motibazioa eta jarrera hobetzea.

 

Beraz, nahi al duzue hobeto bizi, zahartzaro hobea izan, bizikidetza sustatu, eta euskara bultzatu? Bada, asteburu honetan gerturatu Baltsan elkarteak eta Argia astekariak Ziburun antolatu duten Liburu eta Disko Azokara, eta erosi liburu batzuk, zuentzat, oparitzeko, edo seme-alabak izanez gero, haiek ere irakur ditzaten eta irakurtzeko ohitura har dezaten. Eta bide batez gozatu bertan antolatu duten egitarau osoaz.

 

Egun ona izan, eta asteburuan, badakizue, museo bat bisitatu, kultur jarduera batean parte hartu eta Ziburura hurbildu liburuak eta diskak erostera!

 

Kike Amonarriz Gorria

Beste iritziak entzun