Ekhiñe Zapiain

2026 IRA. 3

Mendi itzulia

1. Argia hastean nola

asmo txarra ez den

Beran lanbroak ez du

begirada belzten

Hasiko naiz zangoak

oinekin ordezten

Gaur mendira nirekin

etorri zaitezten

2. Gaztain eta pagoak

lehenbiziko lagun

Eta basoa utzi

ahala demagun

Bidexketan norat jo

erran diezagun

Beti gure zaindari

izaten da Larun

3. Ardi-borda, mugarri,

kaxkoa, antena

Nahiz sarri tranpatia

ohi den oroimena…

Bide hau da argitan

kantuz nabilena

Lehen isilik ta gauez

egiten zutena

4. Ta berde zen soroko

hori kontrastea

Bazkarik gabe gosez

behi pare gaztea

Nahiz ezin den saihestu

beldurra haztea

Komeni zaigu zerbait

aldatzen hastea

5. Errekasto, txabola,

zuhaitz ta azienda

Azkenean hor dago

etxeranzko xenda

Bizitza uler daiteke

mendira irtenda

Ta pausoz pauso beti

zerbait ikasten da

Beste iritziak entzun