Itxaro Borda

2025 URR. 8

Krimarik ez dut ez egin nik

KRIMARIK EZ DUT EZ EGIN NIK

 

          Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, Euskal Telebistak eskaintzen dituen Krimenak, gure kronika beltza izeneko dokumental saila duket aipagai, ikaragarriak direlako jadanik eskura ditugun bi sasoiak!

 

          Beti entzuten nauzue marmarikaz bezala, euskal herrian egin diren krimenen inguruko emankizunik, podcastik edo dokumentalik ez dugula, euskaraz eginak bederen, Katalunian aldiz Carles Porta handiak zortzi urte hauetan Crims arrakastatsua uhinetara ekartzen duelarik. Katalan propi batean gainera. Aurten, hasi du Crims, el jurat izeneko zortzi ataleko podcasta, krimenak eta juradoen ekinak argira ekarriz, zinez interesgarria direnak. Zuen gustuko plataforma horietatik batean duzue entzungai...

 

          Egia osoaren errateko, hor dugu Zuzeu guneak proposatu zuen Euskal Gaizkileak podcasta. Euskarazko kantuetan kontatzen ziren krimak bihikatzen zituzten, Beñat Hach Embareken zuzendaritzapean: Berreteretxen khantorea -ko jaun kontearen bandako gizonen krima argitzen saiatzen ziren, xeheki eta adibidez. Baina oraingoa, Xabier Madariaga apokaliptiko batek aurkezten duen telebista saioa da, lekukoek, familiakoek edota justizia zein Ertzantza mailako eledunen lekukotasunek aberasten dutena. Bilboko Shaolin faltsuaren hilketak edo Iruñako San Fermin denborako Nagore Laffagen 2008ko bortxaketa eta erailketa dira puskarik hunkigarrienak... guzien memorian sartuak diren feminizidioak.

 

          Bi gauza nahi nituzke gehitu, eta azpimarratu: batetik, krimenen aldetik, neurri batean herrialde normala garela erran genezake, eta segur aski krimen politikoen alorrera begia luzatzen baldin badugu are normalagoa, eta bestetik, ikusgarria da Gure kronika beltza sail honetan, zenbat mediku legista baden, experta, epaile, abokatu, genero biolentzia espezialista, euskaraz ari direnak, euskara, hondarrean, laborantzaren eta bertsolaritzaren mundutik idokitzen dabiltzanak!

 

          Bistan dena iparraldeko krimak ez dituzte oraino aipatzen, nahiz eta aurkitzen ahal dugun Thierry Sagardoito abokatuaren podcasta,  aski ongi egin, eta gure inguruko historian zeharreko hilketak aztertzen ditu, GAL garaiko asesinatoak barne. Euskaraz balitz, alabaina, perfektua liteke!

 

          Beharbada iparraldean egin diren krimenak immaterialak dira, euskararen hilketa metodikoa adibidez, gure herrien hustea, ahalkea gure haur buruetan txertatzea... hori ere hala izan daiteke, krimen bat! Arren entzule egun ona zuri!

Beste iritziak entzun